Denbora eta beste margolari batzuk

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Denbora eta beste margolari batzuk
2009/07/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Guillermo Roa)

Denboraren eragina ikusi nahi baduzu, egon zain. Papera horitzen ikusi nahi baduzu, adibidez, utzi papera bistan, eta egon. Denborak margotuko du. Hala ere, prozesua ikertu nahi dutenek ez dute hori egiten. Ez dira zain egoten.

Ikerketak galdera bati baino gehiagori erantzun behar die, eta, zorionez, ez dago zain egon beharrik horietako askori erantzun ahal izateko. Lehenengo galdera da zergatik. Zergatik degradatzen den papera. Beste era batean galdetuta, zerk eragiten duen papera zahartzea.

Zorionez, eskarmentu handia du gizakiak paperarekin. Garrantzi handia du paperak gizakiarentzat, material kuttuna da. Pertsonen arteko hitzarmenek balioa izateko, paperetan idatzita behar dute. Historian gertatutakoa paper batek baieztatu behar du, historialariek ontzat emateko. Etorkizunera begira ere, proiektuak bideragarriak izango diren ala ez jakiteko, paperaren gainean aztertzen ditugu. Ez da harritzekoa eskarmentua izatea paperarekin. Are gehiago, papera zaintzearen kultura bat badago.

Esate baterako, papera babestearren, ez diogu bustitzen uzten. Eta badakigu zer egin paperak ahalik eta horitze txikiena izan dezan. Toki ilun eta lehor batean gordetzen dugu. Hala ere, badakigu orri-sorta batean gainekoa gehiago horituko dela azpian dituenak baino. Aldea handia izaten da. Beraz, sortaren gainean garrantzirik ez duen beste orri bat jartzea ez da ideia txarra.

Horrek ematen dio erantzuna ikertzaileen lehen galderari: airearekiko kontaktuak horitzen du papera. Eta, horretaz gain, hezetasunak eta argi ultramoreak eragiten diote paperari. Paper-kontuetan, horitzea eta zahartzea sinonimoak dira. Eta, sasoian egoteko, bi gauza horiek zaindu beharko lituzke paperak; toki lehorretan egoteaz gain, ihes egin beharko lieke airearekiko kontaktuari eta argiari (Eguzkiari, batez ere).

Urak eta aireak oxidazioa eragiten dute paperaren osagaietan, eta argiak erreakzio fotokimikoak jartzen ditu martxan. 1970eko hamarkadan, polimeroen degradazioaren ikerketari esker jakin zuten paperetan ere erradikal askeak sortzen direla (gure gorputzean bezala). Baina papera zahartzearen arazo nagusia da kolorea ematen dioten molekulak sortzen direla, kromoforo ospetsuak.

Zuhaitzen ekarpena

Ustez, kimikariek erantzun beharreko hurrengo galdera izango litzateke nola sortzen diren kromoforak. Baina beste galdera bat dago hori baino lehenago: zein kromoforo diren.

Ez dago kromoforo bakarra. Baina kromoforen iturri nagusi bat identifikatu dute: lignina. Askotan esaten da papera zelulosaz egina dagoela, zuhaitzetako egurrarekin egiten baitute, eta egurraren osagai nagusia zelulosa baita. Baina beste batzuk ere badira, eta paperaren konposizioaren parte dira, tartean lignina.

Oso molekula luzea eta konplexua da, polimero natural bat. Leku askotatik puska daiteke, eta erreakzio kimiko askok eragin diezaiokete, bai ligninari, bai eta haren puskei ere. Kromoforoak sortzeko aukerak askotarikoak dira. Horregatik, kimikariek ez dituzte kromoforo jakin batzuk bilatzen ligninaren degradazioan, baizik eta kromoforo-familiak. Lignolez, estilbenoez eta beste hainbat familiaz hitz egiten da. Molekula asko dira, eta papera horitzearen kontra borrokatzeko, azken finean, familia osoen sorrera saihestu behar da.

Praktikan, papergileek argia xurgatzen duten produktuak gehitzen dizkiote paperari, fotoegonkortzaileak. Ligninaren bizkartzain gisa jokatzen dute: izpiak ligninara iritsi ordez, haiengana iristen dira. Baina, produktu horiek ondo hautatzeko ere, ohiko kromoforak ezagutu behar dira.

Beste galdera bat. Jadanik horitu den paperarekin, zer? Zaharberritzaileek behar izaten dute horren erantzuna. Agiri historiko zaharrak horituta egoten dira, eta irakurtzeko zailak dira horregatik. Edo degradatzen ari dira. Zaharberritzaileen helburua da papera zuritzea, tintari eragin gabe. Horretarako, paperaren kromoforak desegin behar dira, ingurua suntsitu gabe.

Txinako paperaren tradizioak eman ditu horretarako soluzioak. Paradoxa bat dirudi, baina txinatarrek ur beroa erabili izan dute papera zuritzeko. Ura, paperaren etsai hori!! Metodoa kimikariek aztertu dute, eta ez da txarra; hala ere, ez da oso ona ere, eta zaharberritzaile gehienek uko egin diote. Beste metodo harrigarri batek argia erabiltzen du, paperaren beste etsai bat. Inguru alkalinoan, argi ikusgaiarekin tratatzen da --ultramorerik ez--, baina hori ere ez da oso eraginkorra.

Kimika modernoak soluzio hobeak ditu. Paper-motaren araberako produktuak aukeratuta, kromoforoak suntsitzen dituzte. Ur oxigenatua hautagai bat zen, eta klorodun produktuak ohikoak izan dira. Gaur egun, ohikoenak papera 'desazidotzeko' produktuak dira, paperari gogortasuna ematen diotenekin batera.

Azken galdera bat: nola aldatuko dira produktu horiek denborarekin? Berriz ere, hasierakoan gaude. Zaharberritzaileak ezin du zain egon hori ikusteko. Zahartze-prozesua simulatu behar du. Papera 100 °C-an jar dezake hiru egunez. Aukera bat da. Baina paperaren degradazioa ez da tenperatura horretan gertatzen, giro-tenperaturan baizik. Hortaz, paper zahar asko daude aztertzeko. Adituek ez dakite nolakoak ziren paper horiek 'gaztetan', baina konparatu dezakete ikusitakoa zahartze azeleratuan ikusitakoarekin, eta zahartzea ulertzen saiatu.

Hori bai, galderei erantzun bitartean, denbora ez da geratzen. Papera margotzen jarraitzen du.

Roa Zubia, Guillermo
2
255
2009
7
038
Materialak
Gogoetan
54
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila