Epilepsia eta Alzheimerren gaixotasuna

Miren Altuna Azkargorta

Medikua

Neurologia Zerbitzua. Nafarroako Ospitalea

Alzheimerren gaixotasuna adinari loturiko dementziarik ohikoena da. Era berean, epilepsia diagnostikatzen zaien kasuen % 10 inguruk 65 urte baino gehiago dituzte. Azken urteetan, asko ikertu da Alzheimerren gaixotasunean, epilepsia garatzeko arriskua areagotzen duen jakiteko asmoz. Baina oraindik argitzeko dago epilepsiak zer eragin izan dezakeen Alzheimerren gaixotasuna duten gaixoen artean eta zein den tratamendurik egokiena halako kasuetan.

epilepsia-eta-alzheimerren-gaixotasuna
1. irudia: Alzheimerren gaixotasunean ager daitezkeen sintoma kognitiboak. Arg. Miren Altuna Azkargorta

Alzheimerren gaixotasuna dementzia progresibo ohikoena da, eta adinari loturik dago. 65 urtetik gorakoetan, ia % 5-10ek izan dezake gaixotasuna, eta, adina areagotzean, arriskua esponentzialki hazten da. Hain zuzen ere, adina da, familia-historiarekin batera, Alzheimerren dementzia nozitzeko arrisku-faktore nagusia. Beraz, garbi dago Mendebaldeko gizartearen zahartzeak Alzheimerren gaixotasunaren prebalentzia handitzea dakarrela.

Alzheimerrak, oroimenaz gain, beste hainbat eremu kognitibo ere kaltetzen ditu (1. irudia), eta ohikoa da progresioan sintoma psikiatriakoak garatzea. Sintoma horiek zuzenean eragiten dute gaixoaren funtzionalitatean, eta, beraz, baita haren autonomian ere.

Gaixotasunaren eboluzioan eragin dezaketen botika gutxi daude gaur egun: azetilkolinesterasa entzimaren inhibitzaileak (rivastigmina, galantamina eta donepeziloa) eta memantina. Edonola ere, kontuan izan behar da gaixoek tratamendu sintomatiko ezberdinak jasoko dituztela garatzen dituzten sintomen arabera: antidepresiboak eta neuroleptikoak horien artean.

Sintoma kognitibo eta psikiatrikoez gain, azken urteetan arreta erakarri dute Alzheimerren dementzia dutenen artean dagoen krisi epileptikoen intzidentziak eta prebalentzia handiak. Jakina da gutxienez epilepsien % 10 65 urtetik gorako pertsonei diagnostikatzen zaiela, eta, beraz, alzheimerraren kasuan bezala, krisi epileptikoak eta epilepsia (2. irudian ikusgai diagnostikatzeko irizpideak) pairatzeko arriskua areagotu egiten da adinarekin.

2. irudia: Epilepsiaren Aurkako Ligak (ILAE) 2014an onartutako epilepsiaren definizioa. Arg. Miren Altuna Azkargorta

Ikerlan batzuen arabera, krisi epileptikoak sufritzeko arriskua sei eta hamar aldiz handiagoa da Alzheimerren gaixotasuna duten gaixoen artean, adin bereko kontrolekin alderatuz gero. Beste modu batera esanda, Alzheimerren dementzia sufritzen dutenen % 1-22k krisi epileptikoren bat izango du (zifren aldagarritasuna diagnostikoa ezartzeko zailtasunengatik da). Ondorioz, uste da krisi epileptikoen prebalentzia estimatua baino handiagoa izan litekeela.

Alzheimerren dementzia duten gaixoen artean, krisi epileptikoak sufritzeko arrisku-faktore batzuk identifikatu dira. Horien artean daude gaixotasunaren fase aurreratuan egotea, gaixotasuna 60 urte bete aurretik izatea, Downen sindromea, eta garrantzitsuenak, Alzheimerren dementzia familiarra (presenilina 1, presenilina 2 edo amiloide proteinaren aitzindariaren genetako mutazioengatik) edo elektroentzefalograman aktibitate epileptikoa izatea. Oraingoz, ezin izan da frogatu memantinak eta azetilkolinestarasa entzimaren inhibitzaileek krisi epileptikoak sufritzeko arriskua areagotzen dutenik. Aldiz, jakina da tratamendu sintomatiko batzuek, horien artean neuroleptikoek, krisi epileptikoen arriskua handitzen dutela.

Oraingoz, ez dago garbi zein den krisi epileptikoen fisiopatologia Alzheimerren gaixotasunean. Badirudi neuronen galerak eta horren ondorioz gertaturiko atrofiak soilik ezin dezakeela azaldu krisi epileptikoen intzidentzia eta prebalentzia. Horregatik, mekanismo estimulatzaile ezberdinak (amiloide eta tau proteinak, kalbindina eta interleukinak) proposatu dira, baina ezin izan da haietako bat ere frogatu.

Argitaratutako datuen arabera, gaixo hauetan agertzen diren krisi-mota ohikoenak (% 72) kontzientziaren asaldura eragiten duten krisi epileptiko fokalak dira. Gainera, jakina da jatorri epileptikoa duten miokloniek (nahi gabeko gihar-astinaldi azkarrak) handitu egiten dutela krisi epileptiko orokortu toniko-klonikoak izateko arriskua.

Oraingoz, ezin izan da egiaztatu krisi epileptikoek Alzheimerren gaixotasunaren eboluzioan duten eragina. Hala ere, badirudi krisi epileptikoak jasandako gaixoek errendimendu okerragoa dutela kognizioa ebaluatzeko testetan, batez ere krisi epileptiko horiek krisi orokortu toniko-klonikoak izan badira.

Aipatu bezala, krisi epileptikoen intzidentzia eta prebalentzia gaizki estimatua egon liteke, diagnostikatzeko ditugun zailtasunak medio. Diagnostikoa ezarri ahal izateko lehen pausua susmoa izatea da. Horregatik, nahitaezkoa da anamnesia egokia egitea, bai gaixoari, eta, batez ere, haren zaintzaileei. Susmo garbirik izan ezean, ez dago aholkatuta elektroentzefalograma periodikoak egitea. Susmo garbia izanez gero, aldiz, elektroentzefalograma egin beharreko froga da.

Elektroentzefalograman agertzen diren alterazioak (gehienetan, aldi baterako jarduera epileptiko fokala) datu klinikoekin batera interpretatu behar dira; izan ere, krisi epileptikorik izan ez duten eta alzheimerra duten gaixoen % 3-6k aurkez ditzake. Era berean, Alzheimerren gaixotasuna duten eta krisi epileptikoak izan dituzten pazienteen % 32tan ez da alteraziorik ikusiko.

Behin diagnostikoa eginda, tratamendua ezarri behar da. Alzheimerren dementzia duten gaixoen kasuan, lehen krisi epileptikoaren ostean botika antiepileptikoekin tratamendua hastea aholkatzen da. Ahal den neurrian, botika bakarrarekin, eta ahalik eta dosi txikienarekin; izan ere, antiepileptikoen ondorio kaltegarriak —gehienak dosiarekin lotuak— pairatzeko arrisku handiagoa dute, pertsona adinduak izateagatik eta kognizio-asaldurak izateagatik. Gehien aholkatzen diren botiken artean, lamotrigina eta levetirazetama daude. Tratamenduari esker, gaixoen % 62k baino gehiagok lortzen du krisi epileptikoetatik libre egotea, eta oraindik gehiagok krisien sarritasuna txikitzea.

Amaitzeko, azpimarratu behar da nahitaezkoa dela hobeto jakitea krisi epileptikoek zer intzidentzia eta zer prebalentzia duten Alzheimerren dementzia duten gaixoen artean. Krisi epileptikoak diagnostikatzeko, susmoa ezinbestekoa da. Diagnostikoa egin ostean, tratamendua ezarri behar da. Aurrera begira, krisi epileptikoen atzean dagoen fisiopatologia hobekiago ulertzea da erronka. Biziki interesgarria litzateke, halaber, antiepileptikoekin garaiz tratatutako gaixoek kognizio-funtzioetan eboluzioa hobea duten jakitea.

Bibliografia

  1. Friedman Daniel, Lawrence S.Honing, Scarmeas Nikolaos. Seizures and Epilepsy in Alzheimer’s Disease. CNS Neurosci Ther.2012 April;18(4):285-294.
  2. Irizarry Michael C et al. Incidence of New-Onset seizures in Mild to Moderate Alzheimer Disease. Arch Neurol.2012 March; 69(3):368-372.
  3. Scharfman,Helen E. “Untagling” Alzheimer’s Disease and Epilepsy. Epilepsy currents,Vol 12, No.5 (September/October).2012pp,178-183.
  4. Pandis Dionysios, Scarmeas Nikolaos. Seizures in Alzheimer Disease: Clinical and Epidemiological Data. Epilepsy Currents.Vol 12.No.5 (September/October).2012pp,184-187.
  5. Voseel Keith et al. Seizures and Epileptiform Activity in the Early Stages of Alzheimer Disease. JAMA Neurol. 2013.September 1;70(9):1158-1166.
  6. Rao Satish C, Dove Gerald, Cascino Gregory D, Ronald C. Petersen. Recurrent seizures in Patients with Dementia: Frequency, seizure-types and Treatment Outcome. Epilepsy Behav. 2009 Jan; 14(1):118-120.
  7. Cumbo E, Ligori LD. Levetiracetam, lamotrigine, and phenobarbital in patients with epileptic seizures and Alzheimer’s disease. Epilepsy Behav. 2010 Apr;17(4): 461-6.
  8. Nicastro Nicolas, Assal Frédéric, Seeck Margita. From here to epilepsy: the risk of seizure in patients with Alzheimer’s disease. Epileptic Disord 2016; 18(1):1-12.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.com helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

5.0/5 rating (4 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.