Buru-zorrien aurka

Mendia Gonzalez, Ana

Erizaintzan graduatua

Egungo haur ugariren parasito gogaikarri eta guraso askoren kezka dira buru-zorriak, Pediculosis capitis deritzon infestazioa eragiten duten izaki ñimiñoak garaitzeke baititugu eta gure arerio baitira. Ahaleginak ahalegin, herrialde gehienetan, ez da infestazioaren kontrol arrakastatsurik lortu, eta, ondorioz, bai herrialde garatuetan, baita garapen bidean dauden herrialdeetan ere, pedikulosiaren prebalentzia deigarria da. Estigma sozialak eraginda, gainera, zorri-infestazioarekiko erantzuna fobikoa da mendebaldean, zorriak garbitasun eskasaren ondorio direlako usteak baitirau gurean. Usteak, ordea, erdia ustel.

buru-zorrien-aurka
Zorri arra. Arg. Gilles San Martin / CC-BY-SA 2.0

Zorriak Phthiraptera ordenako sei hankako artropodoak dira, eta 3.000 espezietik gora daude planetan. Gizakia infestatzen dutenen biologia da ezagunena. Hala, aipagarriak dira honako hiru zorri-espezie hauek: buru-zorria edo Pediculus capitis, gorputz-zorriaedo Pediculus corporis eta pubis-zorriaedo Pediculus pubis. Alabaina, horietatik guztietatik gure inguruan buru-zorria da ospetsuena.

Buru-zorriak gizakion derrigorrezko ektoparasitoak dira, alegia, gizakia da intsektu horien ostalari bakarra. Gizakion odola xurgatuz bizi dira. Eta haien bizi-zikloko hiru garapen-aldiak ostalarian egiten dituzte: zikloaren hasieran, zorri heldu emeek 3-10 arrautza jartzen dituzte egunero, 23-30 bat egunez; arrautza horietatik, 5-10 egunetara, ninfak jaiotzen dira; ondoren, ninfak heldu bilakatzen dira, eta helduak ugaldu eta zikloa hasten dute berriro.

Arrautzek 22 ºC baino gehiagoko inkubazio-tenperatura behar dute, eta, horregatik, zorriek, gehienez, buru-azaletik zentimetro batera jartzen dituzte arrautzak, belarri-atzeetan, lepoaldean eta garondoan, batez ere. Nolanahi ere, zorri emeek jartzen dituzten arrautza guztiak ez dira bizigaiak izaten. Zorri-arrautza bizigaiak lodiak, biribilak eta kafe-kolorekoak izaten dira.

Buru-zorri helduak 3-4 mm neurtzera heltzen dira, eta ostalariaren ile-kolorearen antzekoa izan ohi dute; arrautzak, aldiz, nabarmen txikiagoak dira, eta ileko zahiarekin nahasten dira, maiz. Zorri-arrautzak substantzia itsasgarri bati eta dituzten erpeei esker itsasten dira gizakion ilera; hortaz, ileko zahia kentzea baino zailagoa izaten da arrautzak kentzea.

Pedikulosiaren diagnostikoa eta sintomak

Zorri emea. Arg. Gilles San Martin / CC-BY-SA 2.0

Zorri-infestazio aktiboa dagoela esaten da zorri heldu biziak badirela egiaztatzen denean; izan ere, bartzen presentzia hutsa ezin da infestazio aktibotzat jo, arrautzak baino ez dituzten banako guztiek ez baitute zertan infestazioa garatu. Zehaztekoa da, halaber, zorrien presentzia begi hutsez, handipen-lentez zein bartz-orraziz egiazta daitekeela, nahiz eta metodo horietatik guztietatik bartz-orrazia den diagnostiko-metodo arrakastatsuena.

Infestazioaren sintoma ohikoena buru-azalean hazkura izatea da, nahiz eta zenbait haur asintomatiko agertu ohi diren. Zorriek odola xurgatzeko asmoz injektatzen duten listuaren ondorio da hazkura. Haatik, lehenbiziko infestazioan zorriak odola xurgatzen hasten direnetik hazkura agertzen denera arte hilabete baino gehiago igaro daiteke, lehen erreakzioa garatzeko gorputzak denbora behar baitu. Horren ondorioz, ohikoa izaten da lehenbiziko infestazioan diagnostikoa egiterako haurra zorriz josita egotea. Infestazio errepikatuetan, ordea, hazkura infestazioaren lehenengo egunetan agertzen da, eta, beraz, errazagoa da diagnostikoa infestazioa agertu bezain pronto egitea.

Gehiago jakiteko
- Lehendik infestatuta egon diren haurren arriskua handiagoa da.
- Ile luzea arrisku-faktore izan daiteke, ile motza baino zailagoa baita garbitzeko, orrazteko eta aztertzeko. Dena den, inolaz ere ez da gomendatzen ilea larru-arras moztea.
- Gainerakoak gutxiago kutsatzeko, gomendagarria da ilea bilduta eramatea.
- Gorputz-zorriek gaixotasunak kutsa ditzaketen arren, buru-zorriek ez dute gaixotasunik kutsatzen.

Hazkuraren intentsitatea aldagarria da, eta, zenbaitetan, haurraren lo-patroia asaldatzerainokoa izan daiteke. Halaber, hazka egitearen eraginez, baliteke zauritutako guneak infektatzea. Gehienetan, Staphilococcus aureus patogenoak eragiten du infekzioa. Bestalde, kontuan hartzekoa da pedikulosiak arlo psikosozialean eta kulturalean eragiten duela; izan ere, zorrien inguruan dagoen estigma sozialak eraginda, haurrek eta familiek ardura, kezka eta lotsa paira ditzakete.

Zorriak kutsatzeko bidearen inguruan ehunka ikerketa egin izan badira ere, zorrien transmisioa gako eztabaidagarria da oraindik; alabaina, jakina da buruz buruko ukipenaz zein fomiteen bidez (organismo infekziosoak transmititzeko gai diren objektu edo sustantzia bizigabeak) kutsatzen direla zorriak. Hala ere, onartuta dago burutik bururako mekanismoa dela kutsatze-bide nagusia; izan ere, zorriek ez dute salto, hegan edo igeri egiteko gaitasunik. Gainera, ostalaritik kanpo bi eguneko biziraupena baino ez dute; hortaz, iradokitzen da nekezago kutsatzen direla zorriak fomiteen bidez.

Infestazio-arriskuari lotuta, esan izan da maila sozioekonomikoak, kultura-ohiturek, populazio-motak eta halako beste aldagai batzuek badutela nolabaiteko zeresan bat. Hala, badirudi prebalentziak gora egiten duela baldintza sozioekonomiko txiroetan, populazio oso kontzentratuetan, higiene pertsonala zaintzen ez den egoeratan zein osasun-baliabide eskaseko inguruetan. Aitzitik, pedikulosiak ez du muga zorrotzik: arraza, adin, sexu eta kultura guztietako pertsonei eragiten die.

Pedikulosiaren prebentzioa eta tratamendua

Zorri-arrautza edo partza, ekintza-mekanismo fisikoa duen pedikulizida bat eman ondoren. Pedikulizidaz estalita dago arrautza, baina oraindik ez da lortu arrautzak hiltzeko eraginkorra den mota horretako pedikulizidarik. Arg. Gilles San Martin / CC-BY-SA 2.0

Oro har, hiru dira maneiu terapeutikoaren gakoak: tratamendu mekanikoa, inguruaren maneiua eta pedikuliziden bidezko tratamendu farmakologikoa.

Bartz-orraziaz egiten den tratamendua eraginkorra da, baldin eta modu egokian egiten bada. Hortaz, kontuan hartzekoa da, oro har, hortzen arteko distantzia txikiko metalezko bartz-orraziak erabiltzea gomendatzen dela; gainera, mesedegarria da bartz-orrazia ile-egokitzailearekin edo halako beste gai labaingarri batekin batera erabiltzea. Nabarmendu beharra dago, era berean, behin infestazioa diagnostikatu eta gero, tratamendua astean bitan edo hirutan egin behar dela, bi astez gutxienez eta saio bakoitzak 30 minutukoa izan behar duela. Ezin ahaztekoa da, ordea, tratamendu eraginkorra izateaz gain, kalterik eragiten ez duen prebentzio-neurri merke, natural eta eraginkorrena dela; hortaz, ezinbestekoa da haurrak bartz-orraziaz miatzeko ohitura familietan errotzea.

Inguruaren maneiuari dagokionez, aipatzekoa da Amerikako Pediatria Elkarteak ez duela gomendatzen etxea sakon eta zorrotz garbitzea. Dena den, komeni da infestatutako haurrarekin aurreko 24-48 ordutan kontaktuan egon diren objektuak ur beroz garbitzea, batez ere, burutik gertu egon ohi direnak: orraziak, izarak, burukoak, eskuoihalak, etab. Gainera, garrantzitsua da haurrei irakastea fomiteak nola erabili behar diren. Hala, haurrek jakin behar dute arreta jarri behar dutela beren higienerako objektu pertsonalak partekatzean. Era berean, kontuan hartu behar da ohe berean lo egitea arrisku-faktore bat dela.

Tratamendu kimikoa zorrien ebidentzia argia dagoenean soilik egin behar da; hau da, pedikulizidak ez dira prebentzio gisa erabili behar. Historian, pedikulizida neurotoxikoak erabili izan dira: zorrien nerbio-sistemari kalte eginez parasitoak hiltzen dituzten gai kimikoak, piretrinak eta malationa, kasurako. Alabaina, gai horien eraginkortasunak behera egin du azken urteetan, zorriek pedikulizida neurotoxiko horiekiko erresistentzia garatu baitute, gehiegizko erabileraren, erabilera okerraren eta eraginkortasunik gabeko produktuen salmentaren eraginez, besteak beste.

Arestian aipatutakoaren ondorioz, eragin neurotoxikoa duten farmako berriak sortzeaz gain, azken urteetan ekintza-mekanismo fisikoa duten pedikulizidak garatu dira; besteak beste, zorriak “itotzeko” gaitasuna duten farmakoak sortu dira (alkohol bentzilikoa). Dena den, oraindik ez da lortu % 100 obizida den pedikulizidarik, eta, hortaz, farmakoei esker zorriak hiltzen diren arren, zorri-arrautzak bizirik geratzen dira. Ondorioz, beharrezkoa izaten da pedikulizida bigarren aldiz aplikatzea eta tratamendu mekanikoa eragitea.

Agerikoa da, beraz, buru-zorriak ez direla nolanahiko etsaiak; pazientzia, ekitea eta komunikazio askea direla izurriteari aurre egiteko eskura ditugun arma eraginkorrenak. Hortaz, tratamenduan aurrerapausoak emateaz gain, egungo lana da zorriei lotutako estigma soziala erraustea eta prebentzio-neurri orokorrak indartzea.

Tratamenduak arrakasta izan dezan...
- Infestatutako pertsonekin buruz buruko ukipen zuzena ahal bezain beste gutxitu behar da.
- Ezinbestekoa da etxean aldian behin miaketa zorrotzak egiteko ohitura familietan errotzea eta pedikulosiaren zeinu eta sintomei arreta jartzea, bereziki haurrak elkarrekin dauden inguruetan.
- Miaketei garrantzi berezia eman behar zaie udazken hasieran zein uda bukaeran eta eskolakideak infestatuta daudenean.
- Infestazioa hauteman bezain azkar hasi behar da tratamendua.
- Pedikulizidak ur freskoz garbitzea eta ile-lehorgailurik gabe sikatzea gomendatzen da.
- Gainera, pedikulizida bakoitzaren aplikazio-neurri bereziak irakurri behar dira.
- Ezinbestekoa da harremana duten eta infestatuta dauden pertsonen tratamendu farmakologikoa sinkronizatzea (anai-arreben kasuan, adibidez).
- Ez dira gomendatzen maionesa bidezko eta ozpin bidezko erremedioak ez eta etxeko bestelako erremedioak ere.
- Landareetan oinarritutako gaiak eraginkorrak izan daitezkeen arren, egun, komunitate zientifikoak ez ditu gomendatzen, ikerketa gehiagoren beharra dagoelako.

Bibliografia

Gairí J, Molina V, Moraga F, Viñallonga X, Baselga E. Pediculosis de la cabeza. Protocolos de la Asociación Española de Pediatría. Protocolos diagnósticos y terapéuticos en dermatología. 2006:55-64.
Herranz B, Abad E. Pediculosis de la cabeza. Rev Pediatr Aten Primaria. 2008;10(38):267-86.
Bowden VR. Losing the louse: How to manage this common infestation in children. Pediatr Nurs. 2012;38(5):253.
Frankowski BL, Bocchini JA, Murray RD, Grant LM, Magalnick H, Roland MM et al. Clinical report-Hed lice. Pediatrics. 2010;126(2):392-403.
Fernández A, Giménez A. Pediculosis de la cabeza en el niño:¿ qué hay de nuevo para un viejo problema? Biomedicina. 2011;6(2):30-6.
Tebruegge M, Pantazidou A, Curtis N. What's bugging you? An update on the treatment of head lice infestation. Arch Dis Child Educ Pract Ed. 2011;96(1):2-8.
Wolf R, Davidovici B. Treatment of scabies and pediculosis: facts and controversies. Clin Dermatol. 2010;28(5):511-8.
Feldmeier H. Treatment of pediculosis capitis: a critical appraisal of the current literature. Am J Clin Dermatol. 2014;15(5):401-12.
Pontius DJ. Demystifying pediculosis: school nurses taking the lead. Pediatr Nurs. 2014;40(5):226.
Yetman RJ. The child with pediculosis capitis. J Pediatr Health Care. 2015;29(1):118-20.
University of Texas, School of Nursing Practitioner Program. Guidelines for the treatment of pediculosis capitis (head lice) in children and adults 2013.
Devore CD, Schutze GE; AAP, Council on School Health and Committee on Infectious Dises. Head lice. Pediatrics. 2015;135(5):e1355-65.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.