Leiho bat biodibertsitateari

Bioaniztasuna.com webgunea biodibertsitateari behatzeko leiho bat da. Ikastetxeetan jartzeko diseinatua dago leihoa. “Hezkuntzaren ikuspuntutik pentsatuta dago, baina, hala ere, itsasoa gustuko duen edonork gozatzeko modukoa da”, dio Xabier Mina webgunearen egileak. Izan ere, oraingoz, urpekoak dira leihotik ikusten diren paisaiak.  

Itsas zientzietan lizentziaduna da Xabier Mina Ederra, eta “geroztik itsasoarekin lotuta egoten saiatu naiz egin ditudan lanetan”. Ikerketan urte batzuk egin ondoren, hezkuntzara pasatu zen; DBHko irakaslea da, Barañainen. “Beti egon naiz itsasoan argazkiak egiten, eta azken urteetan bideoak ere bai. Material interesgarri asko nuen, eta ikasleekin erabiltzeko prestatzea pentsatu nuen”. Hala, webgunea DBHko ikasleei zuzenduta dago. Argazkiz eta bideoz osatuta dago, eta bideoekin lan egiteko ariketak ere proposatzen ditu.

Biodibertsitatearen leiho horretatik Kantauri itsasoari begira jarri gara erreportaje honetan. Izan ere, mundu osoko irudiak dauden arren, Kantauri itsasoari garrantzia berezia eman dio Minak webgunean. Hala, gure itsasoko biodibertsitateari eskainitako atalean, arrain, krustazeo eta moluskuen argazkiak daude, latinezko, euskarazko eta gaztelaniazko izenekin.

“Gure kostaldeak berezitasun bat dauka —dio Minak—; latitudea kontutan hartuta, alga arreek eta berdeek izan beharko lukete nagusi, Frantzian edo Galizian gertatzen den moduan, baina hemen alga gorriak dira nagusi. Tenperatura espero litekeena baino pixka bat altuagoa delako gertatzen da hori”. Bizkaiko golkoaren ezaugarriengatik, inguruko urak baina epelagoak dira bertakoak. “Anomalia bioklimatiko hau ez da algetara mugatzen; gainerako maila trofikoei ere eragiten die. Ondorioz, bitxia izan arren, gure kostaldeko hainbat animalia Mediterraneoan edo Marokoko kostaldean ere arruntak dira”.

Bideoen atalean ere bada Euskal Herriko uretan grabatutako bat, irudi koloretsu eta ikusgarriz betea. Eta aipagarria da, baita ere, ezezagunak bezain bitxiak diren lanproien bideoa, Bidasoa ibaian grabatua.

Lanean jarraitzeko asmoa du Minak, eta lehorreko biodibertsitateari begira dago azkenaldian. “Kontuan izanda urtean zehar nola egoten den Kantauri itsasoa, hasi naiz mendi-aldean ere bideoak egiten. Oraindik ez dut bideorik jarri, baina urte osoa daramat Nafarroako pagadietan filmatzen. Joan naiz urte osoan ikusten nola doazen aldatzen pagadia, eta hango animaliak”.

Minak aitortzen irudi horien atzean “lan izugarria” dagoela. “Baina, gustura egindako lana da, beraz, ez da lana”, argitu du. “Oraintxe, klasea bukatu eta, itsasoa oso bare dagoenez, banoa urpera”. Seguru kamera ez duela urrun izango.

Anemonia sulcata_opt27
Egilea: Xabier Mina Ederra
Karabela portugesa (Physalia physalis)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Karabela portugesa (Physalia physalis)

Bela itxurako egiturari esker itsaso eta ozeanoetan zehar zabaltzen da. Erroek zenbait metroko luzera izan dezakete, eta oso ziztada mingarriak eragin ditzakete.

Itsas izar arantzadun gorriak (Echinaster sepositus)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Itsas izar arantzadun gorriak (Echinaster sepositus)

Argitasun gutxiko inguruneak ditu gustuko, zuloak eta arrailak, esaterako. 

Karraspio begiubela (Symphodus melops)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Karraspio begiubela (Symphodus melops)

Karraspio begiubel arrak udaberrian habia eraikitzen du, alga zati txikiak pilatuz.

Anemona arrunta (Anemonia sulcata)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Anemona arrunta (Anemonia sulcata)

Oso ugaria da gure kostaldean, eta kolonia zabalak osatzen ditu.

Itsas trikua
Egilea: Xabier Mina Ederra

Itsas trikua

Itsas trikuak bentosa txikiz osaturiko aparatu anbulakralari esker mugitzen dira.

Nekora (Necora puber)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Nekora (Necora puber)

Azkarra da, eta berehala egiten du ihes korrika edo atzeko hankekin igerian.

Itsas kabra (Scorpaena porcus)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Itsas kabra (Scorpaena porcus)

Ezin hobeki kamuflatzen da algaz jositako hondoetan.

Itsas izar arrunta (Marthasterias glacialis)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Itsas izar arrunta (Marthasterias glacialis)

Itsas izar arruntaren arantzak eta oin anbulakralak.

Olagarroa (Octopus vulgaris)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Olagarroa (Octopus vulgaris)

Ornogabe adimentsuena dela jotzen da.

Sepia (Sepia officinalis)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Sepia (Sepia officinalis)

Arra eta emea elkarrekin ikusten dira ugalketa-sasoian (neguaren bukaera-udaberriaren hasiera).

Kabuxa (Parablennius gattorugine)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Kabuxa (Parablennius gattorugine)

Kabuxak arrainen artean kuxkuxeroenak dira, beldurrik gabe hurbiltzen zaizkigu, eta beren begi handiekin begiratzen gaituzte.

Zapoa (Lophius piscatorius)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Zapoa (Lophius piscatorius)

Zapoak hondoan kamuflatuta ematen du eguna. Bizkar-hegatsaren erradioetako bat luzeagoa dauka eta helburuarekin etengabe mugitzen du harrapakinak erakartzeko.

Itsas lanproia (Petromyzon marinus)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Itsas lanproia (Petromyzon marinus)

Udaberrian, itsas lanproiak ibaietan barneratzen dira arrautzak errutera. Argazkian, arra eta emea Bidasoa ibaian habia eraikitzen.

Katxalote (Physeter macrocephallus)
Egilea: Xabier Mina Ederra

Katxalote (Physeter macrocephallus)

Zarauzko hondartzara iritsitako katxalote bat.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila