EHUko Argazki Zientifikoen V. Lehiaketa

Ozeanoetako ezkutuko arriskuez ohartarazten gaitu batek, eta besarkada birsortzaile itxaropentsu bat dakarkigu besteak. Irudi ikusgarri hauek EHUko Ikerketako Zerbitzu Orokorrak antolatutzen duen Argazki Zientifikoen V. Lehiaketako irabazleak dira.

Biziaren zientzien arloko kategorian, Helena Dias Davidek irabazi du "Ozeanoetako arriskuak" lanarekin; eta, materialen teknologia eta zientzietako kategorian, Aitor Larrañaga Esparteroren "Besarkada birsortzailea" izan da saritua.

Mikroskopio bidez egindako argazkiak saritzen ditu lehiaketak, eta aurtengo edizioan 61 argazki aurkeztu dituzte 37 ikertzailek. Epaimahaiak, "irudien ikusgarritasuna, zailtasun teknikoa, emaitza zientifikoa, originaltasuna eta estilo didaktikoa" nabarmendu ditu saritutako lanetan.

Saritutako argazkiez gain, sariketara aurkeztu diren 61 argazkiak ikusgai daude lehiaketaren webgunean.

Ozeanoetako arriskuak
Egilea: Helena Dias David

Ozeanoetako arriskuak

Ostreopsis generoko mikroalgei mikroskopio konfokalaren teknika erabilita egindako argazkia da hau. Itsas mikroalga horiek (70-90 µm) "ederrak bezain arriskutsuak dira", dio Helena Dias-ek deskribapenean, giza osasunarentzat kaltegarriak diren toxinak baitituzte. Mikroskopio konfokalaren teknikari esker, kanpoko azala osatzen duten plakak eta barruko organuluak ikus litezke, eta alga identifikatzeko bidea ematen du horrek.

Besarkada birsortzailea
Egilea:

Besarkada birsortzailea

Ekorketazko mikroskopio elektroniko (SEM) baten bidez hartutako argazki honek hiru mikratako polimero-zuntz biodegradagarriak erakusten ditu, elkarri lotuta. Mikrozuntz horien bidez kolageno-zuntzak imitatzea da helburua, eta kaltetutako giza ehun eta organoak birsortzeko matrize gisa erabili ahal izatea egunen batean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila