Basabizitza ikusmiran

Orangutan gaztea erraz doa zuhaitzean kiribildutako pikondo igokarian gora. Behean utzi du basoa. 30 bat metro egin behar ditu gora, baina badaki goian pikuak aurkituko dituela. Lehenago ere izana da zuhaitz honetan pikuak jaten. Ongi ezagutzen du eremu zabal hau, Borneoko Gunung Palung Parke Nazionala, orangutanen babesleku urrietako bat. Badaki zein zuhaitzetan eta noiz aurkituko dituen fruitu helduak.

Tim Laman biologo eta argazkilariak bazekien bueltatuko zela, eta hiru egun pasatu zituen zuhaitzera igo eta jaisten, goian kamera batzuk jartzeko. Horrela lortu zuen buruan zuen irudia.

Aurtengo basabizitzaren argazki onena izan da, Wildlife Photographer of the Year lehiaketa ospetsuan. Eta, urtero bezala, beste hamaika argazki zoragarri ere ekarri dizkigu lehiaketak. Gure aukeraketa duzue hurrengo orrietan.

Elkarri lotutako bizitzak (Entwined lives)
Egilea: Tim Laman/Wildlife Photographer of the Year 2016

Elkarri lotutako bizitzak (Entwined lives)

Tim Laman (AEB)

Haizezko konposizioa (Wind composition)
Egilea: Valter Binotto/Wildlife Photographer of the Year 2016

Haizezko konposizioa (Wind composition)

Valter Binotto (Italia)
Haize-bolada bakoitzak polen-zaparradak eragiten zituen, neguko eguzkiaren argitan. Urritzek lore arrak eta emeak dituzte zuhaitz berean. Adarretatik zintzilik dauden gerbek 240 lore ar inguru dituzte; gandor gorriko kuskuak dira emeak. Zuhaitz berean egonik ere, ernalketarako, beharrezkoa da polena zuhaitz batetik bestera garraiatzea. Haizeak egiten du lan hori.

Ugaltze-putzua (Puddle of procreation)
Egilea: Cyril Ruoso/Wildlife Photographer of the Year 2016

Ugaltze-putzua (Puddle of procreation)

Cyril Ruoso (Frantzia)
Frantziaren erdialdean, hostoek taninoz tindatutako putzu honetan, igel arrak akziorako prest daude. “Eme bat iritsi orduko erotu egiten ziren, denak emea estali nahian”, dio Cyril Ruosok. Bost ar eme bakoitzeko; lehia gogorra. Emea besarkatzea lortzen duen arrak eutsi egin beharko dio, emeak ehunka arrautza jartzen dituen bitartean. Argazkian, hurrengo emearen zain
daude arrak.

Kaleratze-saiakera (Eviction attempt)
Egilea: Ganesh H. Shankar/Wildlife Photographer of the Year 2016

Kaleratze-saiakera (Eviction attempt)

Ganesh H. Shankar (India)
Indiako Keoladeo Parke Nazionalean, papagaiak habiara itzuli zirenean, musker bat sartu zitzaiela ikusi zuten. Berehala hasi ziren hura bidali nahian. Buztanean mokoka egiten zioten, eta baita zintzilik jarriz tira ere. Orduan, muskerra zuloan gorde zen. Eta papagaiek beste habia baten bila joan behar izan zuten.

Lutiano-festa (Snapper party)
Egilea: Tony Wu/Wildlife Photographer of the Year 2016

Lutiano-festa (Snapper party)

Tony Wu (AEB)
Hilero, ilbetearen bueltan, milaka lutiano gorri (Lutjanus bohar) ugaltzeko elkartzen dira, Palau inguruan (Pazifikoaren mendebaldean). Horren berri izan zuenean, Tony Wu-k ez zuen ulertzen zergatik zeuden hain argazki gutxi. 2012an saiatu zen lehenengoz, eta orduan ulertu zuen. Korronte etengabe batek asko zailtzen zuen posizioa mantentzea, argi gutxi zegoen, eta ura arrautzaz eta espermaz betetzen zen. Ez zuen lehenengoan lortu. Baina urtero jarraitu zuen saiatzen. Konturatu zen “kate-erreakzio moduko bat” zela han gertatzen zena, eta gakoa zela akzioa bereganantz zetorrenean harrapatzea.

Azken argia (The dying of the light)
Egilea: Angel Fitor/Wildlife Photographer of the Year 2016

Azken argia (The dying of the light)

Angel Fitor (Espainia)
Mar Menor aintziran (Murtzia) udazkenean urak hoztearekin batera hiltzen dira marmokak. Luze itxaron behar izan zuen Angel Fitorrek argazkia ateratzeko kondizio egokiak izan arte. Azkenean, eguzkia Baron uhartearen atzean ezkutatu zen ilunabar perfektu batean, 40 cm-ko marmoka hau agertu zen, ur-azalean geldi. Ez zen igeri egiteko gai. Haren azken orduak ziren.

Desagertzen diren arrainak (The disappearing fish)
Egilea: Iago Leonardo/Wildlife Photographer of the Year 2016

Desagertzen diren arrainak (The disappearing fish)

Iago Leonardo (Espainia)
Itsaso zabalean ez dago non ezkutatu, baina, hala ere, Selener vomer espezieko arrainak trebeak dira kamuflatzen. Azken ikerketek diotenez, azaleko zeluletako plaketa berezi batzuen bidez, argi polarizatua islatzen dute, eta ia ikusezin bihurtzen dira. Plaketa horiek ispiluak baino eraginkorragoak dira, eguzkiaren angeluaren arabera desberdin islatzen baitute argia.

Arrantza banatzen (Splitting the catch)
Egilea: Audun Rikardsen/Wildlife Photographer of the Year 2016

Arrantza banatzen (Splitting the catch)

Audun Rikardsen (Norvegia)
Arrantzaleek askotan bilatzen dituzte orkak eta xibartak, sardinzar-sardak aurkitzeko. Baina azken urteetan orkak eta baleak ere arrantza-ontziei jarraitzen hasi dira. Orka ar handi honek ongi ikasi du zer soinu egiten duten ontziek sareak biltzean. Saretik ihes egiten duten sardinzarrak jaten ari da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group