Zure domeinua PuntuEus

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Euskararen eta euskal kulturaren domeinua da PuntuEus, eta izen bereko fundazioaren zuzendari Josu Waliñoren esanean, “badu esanahi berezi bat; ez da domeinu normal bat”. Ikuspegi teknikotik, ordea, domeinu normal-normala da: lehen mailako gainerako .com edo .net domeinuak bezala funtzionatzen du, eta baldintza berak bete behar ditu. Berezitasunez, normaltasunaz, ibilbideaz eta etorkizunaz ari da Josu Waliño.
zure-domeinua-puntueus
Josu Waliño Pizarro, PuntuEus Fundazioaren zuzendaria. Arg. Arnaitz Rubio/Baleike
Zer da PuntuEus, eta zein da zuen lana?

Esanahi aldetik, PuntuEus ez da domeinu normal bat. Euskararen eta euskal kulturaren domeinua da, badu esanahi berezi bat. Horregatik gaude gu, zaintza- edo kudeaketa-lanak egiten. Funtzionamendu aldetik, berriz, lehen mailako domeinua da, .com edo .net bezala, eta horiek bezala funtzionatzen du. Horrek esan nahi du, erosi, .com bat erosiko zeniokeen berdinari erosiko diozula, erregistratzaile bati. Interneten hainbat eta hainbat enpresa daude horretara dedikatzen direnak, eta enpresa horietako bati erosi behar zaio domeinu-izena, ez guri. Hor dago normaltasuna.

Orain arte, PuntuEus fundazioaren lana izan da abiarazte-prozesua martxan jartzea, eta, hemendik aurrera, gure lana da sustatzea: .eus domeinuak sarean presentzia bat duela bermatzea, eta presentzia hori egokia dela ziurtatzea. Hau da, ziurtatzea, .eus domeinu-izena hartzen duenak betetzen dituela gure baldintzak. Eta gure baldintzak sinpleak dira: webgunea modu esanguratsu batean euskaraz ere egotea; edo, euskararik ez badu, euskal kulturaz aritzea.

Nola kudeatzen da halako domeinu bat?

Erakunde nagusi bat dago, ICANN, eta erakunde horrek ematen ditu baimenak Interneteko domeinuak kudeatzeko. Hark ezartzen ditu joko-arauak. Nik esaten dut haiek Jaungoikoa direla, eta gu obispoak, gutxi gorabehera (barrez). ICANNek onartu du .eus domeinua existitzea, eta hark eman dio baimena PuntuEus fundazioari .eus domeinua kudeatzeko. Domeinu kulturalen kategorian, PuntCat izan zen mundu mailan aitzindaria, duela 7 urte.

PuntuEus domeinuak badu lotura geografikorik?

Ez. Ez da domeinu geografiko bat, komunitate domeinu bat da. Hau da, .eus ez dagokio Euskal Autonomia Erkidegoari, Euskal Herriari, edo eremu geografiko jakin bati. Komunitate batentzat da, euskararen eta euskal kulturaren komunitatearentzat. Hori muga geografikoak baino askoz ere zabalagoa da.

Guretzat .eus da domeinu integratzaile bat, eta integratzaile izate horretan, norberak irudikatzen du bere burua komunitate horren barruan. Norberak esaten du “ni komunitate horretako parte naiz, eta parte naiz honela: enpresa bat naizelako, norbanakoa naizelako, euskaldun sentitzen naizelako, edo euskal kulturarekiko atxikimendua dudalako”. Hau da, .eus unibertsala da zentzu horretan.

PuntuEus domeinuak abiatze-fase bat izan du. Zer izan da, eta zergatik abiatze-fasea?

Abenduaren 3ra arte bi fase egon dira .eus ezartzeko prozesuan, ICANNekin adostuta, gauzak ondo egingo zirela ziurtatzeko. Interneteko domeinu-izenen funtzionamendu arrunta da eskatzen duen lehenak erosten duela. PuntuEus sortu zen momentuan horrela aktibatu izan bagenu, gatazka batean sartuko ginateke. Sartu zitezkeelako piratak erakunde publikoen, udalerrien eta marka ezagunen domeinu-izenak inor baino lehenago erostera, ondoren garestiago saltzeko. Hori ekiditeko fase batzuk adostu ziren. Lehenengo fasea aitzindariena izan zen. Aitzindarien fasean 92 domeinu-izen esleitu ziren, eta, hor, irudikatu nahi izan zen lehen aipatu dudan komunitate izaera hori. Aitzindari horien artean era guztietakoak zeuden: enpresak, erakundeak, herri txikiak, komunikabideak... Argazki hori erakutsi nahi izan zen.

Bigarren fasea abiarazte-aldia izan zen. Epe horretan edonork har zezakeen .eus domeinu-izen bat, baina baldintza berezi batzuekin. Domeinu-izena ez zitzaion ematen iristen zen lehenari. ICANNekin adostutako protokolo baten arabera esleitu ziren izenak, lehentasun-kategoria batzuetan oinarrituta. Esaterako, fase horretan, donostia.eus eskatu izan bazenu zure katuarentzat euskarazko blog bat irekitzeko, eta Donostiako udalak ere bai, udalarentzat izango zen domeinu-izena, zure eskaera lehena izanda ere. Horrela esleitu ziren 1.192 domeinu-izen.

Fase hori itxi zen, eta, abenduaren 3tik aurrera, iristen den lehenarentzat da domeinu-izena. Fase honetan, .eus domeinuaren erabilera egokia egiten badu jabeak, guk ez dugu eskumenik erabakitzeko nori esleitu domeinu-izena.

Hain zuzen ere, abenduaren 3an bertan 2.000ra iritsi ziren .eus domeinu-izenak, eta 2.500etik gorako zerrendarekin amaitu dugu 2014a.

PuntuEus domeinu-izenaren prezioa normala da, edo berezia?

Asko entzun dugu domeinu-izen garestia dela, eta ez dut ukatuko besteen aldean garestiagoa dela. Baina badago arrazoi bat horretarako. Ez da garestiagoa, batzuek leporatu diguten bezala, euskaraz delako. Domeinu-izenaren prezioa erregistratzaileak jartzen du, ezaugarri batzuei lotuta: .com domeinu-izen arrunt bat 10 euroren bueltan egon daiteke, eta .eus garestiagoa da, batez beste, 50 bat euro. Besteak baino garestiagoa da .eus domeinua kudeatzeko fundazio bat dagoelako, egitura bat, eta, gainera, lizentzia batzuk ordaindu behar ditugulako, ICANNi, plataforma teknologikoei... Egitura hori domeinu-izenen salmentaren bidez finantzatzen dugu. Azkenean, erregistratzaileek saltzen duten domeinu-izen bakoitzeko, guri hainbeste ordaintzen digute.

Horrek esan nahi du .eus-ek gero eta arrakasta handiagoa izan, prezioa merkeagoa izango dela. Oraintxe abiatu da, eta momentu hauetan ez dugu masa kritikorik domeinu-izenak 10 euroan eskaintzeko. Gure helburua ez da dirua irabaztea, gure helburua da egitura mantentzea eta .eus sustatzea. Beraz, denborak aurrera egin ahala, .eus gehiago egon ahala, prezioa jaisten joango da. Hala ere, urtean 50 euro ez zait iruditzen denik astakeria bat. Konparazioan dago problema. Milioika .com daude, urte askoko ibilbidea du, eta guk ezin dugu haiekin lehiatu merkatuko prezioan. Erosten duenak eman behar dio balioa PuntuEus domeinuari. Nik uste dut PuntuEus domeinu berezia dela, eta baduela bere balioa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila