Zientzia eta teknologiaren irudia, gazteen ispiluan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Gaur aurkeztu da Euskal Herriko gazteek zientziari eta teknologiari buruz duten pertzepzioa azaltzen duen azterketa. Ikerketa zabala izan da; hain zuzen, Elhuyar Fundazioko Eneritz Muguruza azterketaren koordinatzailearen arabera, ez dira mugatu gazteek zientziaz eta teknologiaz duten iritzia biltzera: “diagnosi sakon bat egin nahi izan dugu, eta, horretarako, gai horiei buruz duten interesa neurtzeaz gain, haien informatzeko ohiturak ezagutu nahi izan ditugu, eta ikusi nola baloratzen duten eskolan jasotzen duten prestakuntza zientifiko-teknologikoa. Azkenik, bokazioei buruz ere galdetu diegu”.
zientzia-eta-teknologiaren-irudia-gazteen-ispiluan
Lehen aldiz galdetu zaie Euskal Herriko gazteei zer iritzi duten zientzia eta teknologiari buruz Arg. Danel Solabarrieta

Euskal Herrian lehen aldiz egin da horrelako azterketa bat, eta, Elhuyar Fundazioarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila eta EHU-BFA Kultura Zientifikoko Katedra dira egileak. Lurralde osoaren egoera ezagutu nahi izan dute; hala, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko ia ehun ikastetxetara joan dira galdeketa egitera, Muguruzak azaldu duenez, “eskolak baitira bide errazena ikasleengana heltzeko”. Guztira, 10 eta 18 urte bitarteko 2.061 ikaslek hartu dute parte.

Azterketa egitera zerk bultzatu dituen azaltzeko, Elhuyarren xedea aipatu du Muguruzak: “Gure xede nagusietako bat zientzia eta teknologia gizarteratzea da, haurretatik hasita. Orduan, guretzat beharrezkoa da jakitea gizarteak nola bizi duen edo nola ikusten duen mundu hori”.

Arrazoi gehiago ere eman ditu Muguruzak: “Bestalde, gure egunerokoan oso presente daude zientzia eta teknologia, eta gero eta gehiago. Hortaz, oso garrantzitsua da gizarteak, eta bereziki gazteek, kultura zientifiko bat garatzea. Gainera, Euskal Herrian eta Europan badago kezka bat bokazioekin, Europako garapen ekonomikorako beharrezkoak izango diren ikertzaileak lortzeko zailtasunak baitaude”. Aurreratu zuenez, azterketa lau urtez behin egiteko asmoa dute, denborarekin aldaketarik badagoen ikusteko.

Pertzepzio-azterketaren atal honetan, zientzia eta teknologiako arlo zehatzetan gazteek zenbaterainoko interesa duten azaltzen da. Arg. Elhuyar Fundazioa

Aisialditik ikastetxera

Azterketaren emaitzak eskutan, haur eta gazteek zientzia eta teknologiarekiko erakutsitako interes handia nabarmendu du Muguruzak: “Ia erdiak erantzun du interes handia edo oso handia duela. Zehazki, aukeran emandako 11 gaitatik, hirugarren, laugarren eta bosgarren lekuetan daude medikuntza eta osasuna, zientzia eta teknologia, eta ingurumena eta ekologia. Eta aurretik bi gai bakarrik daude; lehenengoa kirola da, eta bigarrena, zinema, artea eta kultura. Kirola, gainera, berriro azaldu da lehen lekuan bokazioei buruz galdetu zaienean ere, batez ere gaztetxoenen artean”.

Bestela, zientzia eta teknologiako gaien barruan, informatikaren alde egin dute gazteek, ia hirutik bik baitute interes handia edo oso handia arlo horretan. Informatikaren atzetik datoz teknologia, ingurumena eta osasuna, eta gutxien interesatzen zaizkienak espazioa eta Lurraren zientziak dira.

Eneritz Muguruza. Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa saileko kidea eta azterketaren koordinatzailea Arg. Danel Solabarrieta

Alabaina, interesa izateak ez du esan nahi gai horiei buruzko informazioa bilatzen dutenik. Hain zuzen, azterketak agerian utzi du gazteen gutxiengo batek baino ez duela jotzen hedabideetara, zientzia eta teknologiari buruzko edukien bila, hamarretik batek, gutxi gorabehera.  “Gazteen informazio-iturri nagusia Internet da, eta komunikabideak, oro har, gehiago erabiltzen dituzte aisialdirako informatzeko baino”, zehaztu du Muguruzak.

Hezkuntzari buruzko galderetara igarota, Muguruzak esan du “gustura” daudela  ikastetxeetan zientzia eta teknologiako gaietan jasotzen duten hezkuntzarekin. Izan ere, azterketaren emaitzen erakusten dute erdiak (% 49,7k) uste duela arlo horretan ikastetxean ematen zaien prestakuntza oso ona edo ona dela. “Ikasgai zailak direla uste dute, baina hirutik biri ez zaie iruditzen txapa hutsa direnik, eta esan dute gai horiekin lotuta egiten dituzten jarduerak dibertigarriak direla”.

Ikasgai gogokoenak aukeratzeko eskatuta, Muguruzaren ustez “nabarmentzekoa da” ikasle askok eta askok Matematika aukeratu izana. Izan ere, Matematika bigarren lekuan agertzen da ikasgai gogokoenen zerrendan, eta zerrendaren goialdean azaltzen dira baita Ingurumen-zientziak ere (laugarrenean), eta Fisika eta Kimika (seigarrenean). Haur eta gazteen zerrenda-burua, berriz, Gorputz-hezkuntza da.

Horrez gain, azterketaren egileek jakin nahi izan dute ikasgai horiek baliagarriak iruditzen ote zaizkien gazteei. Eta baietz erantzun dute; hain zuzen, % 85,3 ez dago ados esaldi honekin: Ez zait gustatzen zientzia eta teknologiako gaiak ikastea, ez baitute ezertarako balio. Hamarretik zortzik uste du zientzia eta teknologia ikasteak merezi duela etorkizunean egin nahi dituzten ikasketak egiteko, eta hamarretik zazpik, nahi duten lana izateko.

Hezkuntzari buruzko galderen zatian, ikasteko-irakasteko metodologiaz galdetuta, ikasleek nahiago dituzte teknologia berriez lagundutako ikasgaiak (% 67,7k).

Zientzia eta teknologiari buruzko irudia

Azterketaren beste helburu bat zen zientzia eta teknologiaz eta zientzilariei buruz duten irudia ezagutzea. Hala, galderen erantzunak ikusita, irudi positiboa dutela ondoriozta daiteke, “gizartearen ongizatearekin lotzen baitute”, Muguruzaren esanean. Hain justu, ikasleen hamarretik zazpik pentsatzen du zientziak eta teknologiak gure bizimodua erosoagoa eta errazagoa egiten dutela, gaixotasunak sendatzen laguntzen dutela, edo zientziak mundua hobeto ezagutzen laguntzen digula.

Hala eta guztiz ere, Muguruzak azpimarratu du haur eta gazteak jabetzen direla zientziaren eta teknologiaren erabilera ez dela arriskurik gabea: “Adibidez, esan dute osasunerako arriskutsuak izan daitezkeela uste dutela”.

Dena dela, emaitzen txostenean agertzen denez, zientzia eta teknologiari buruzko irudi positiboa gailentzen da negatiboaren aurrean: elkarrizketatuen hirutik batek uste du zientziaren eta teknologiaren onurak kalteen gainetik daudela, eta % 6,7k soilik kalteak handiagoak direla. Hori bai, % 30 inguruk ez du iritzi argirik.

Muguruzak azaldu digu nola irudikatzen dituzten gazteek zientzialariak: “Gizonezkoak dira, nagusiak, bata zuria dute jantzita, eta laborategian egiten dute lan. Hala ere, aipagarria iruditzen zait gazteek ez izatea zientzialari eroaren estereotipoa; izan ere, zientzialariaren irudia gizonezko zahar bata zuridunarena izanagatik, jende arrunta dela ere esan dute, eta, aipatutako beste ezaugarri horien gainetik, sortzaileak eta zoriontsuak direla esan dute, eta talde-lanean aritzen direla, eta ez bakarka”.

Zer izan nahi duzu handitan?

Etorkizunean zer lanbide izan nahi duten ere galdetu diete haur eta gazteei. Eta, emaitzen arabera, gazte gehienek ez dute zientzialari izateko asmorik: hamaika lanbide aukeran emanda, zortzigarren lekuan azaltzen da ikertzaile izatea. Lanbide gogokoenak, berriz, kirolariarena eta enpresaburuarena dira. “Alegia, helduen antzera pentsatzen dute gazteek”, esan du Muguruzak. “Haiek ere, bai Euskal Herrian bai Europan egindako azterketetan, ikertzaileen garrantzia aitortzen dute, baina gero ez dute beren burua lanbide horretan ikusten”.

Etorkizunean zer lanbide izan nahi duten ere galdetu diete haur eta gazteei. Gehienek kirolari izan nahi dute. Arg. Elhuyar Fundazioa

Edonola ere, Muguruzarentzat nabarmentzekoa da zientzia eta teknologiaren gainean, oro har, gazteek duten irudi ona: interesgarriak iruditzen zaizkie, baliagarriak, onura gehiago dakarte kaltea baino, zientzialariak jende arrunta dira... “Ez dakigu zer pentsatzen zuten lehengo gazteek, Euskal Herrian lehen aldiz egin baitugu horrelako azterketa bat; baina iruditzen zaigu joera aldatzen ari dela, askotan entzun baitugu gai horiek txapa hutsa direla, eta azterketa honetan, berriz, aurkakoa esan dute”.

Muguruzaren iritziz, joera-aldaketa horretan, seguru asko eragina izan dute zientzia eta teknologia gazteengana gerturatzeko egiten diren ekimenek. “Esate baterako, ikastetxeetan gero eta garrantzia handiagoa ematen zaie esperimentuei eta talde-lanei, eta ikastetxez kanpo ere gero eta jarduera gehiago daude gai horien inguruan, hala nola zientzia-jaialdiak, zientzia-udalekuak... Nik uste ahalegin horien fruituak ikusten ari garela orain”.

Gizartearen isla

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Zientzia Politikarako zuzendaria

Begoña Ochoa Hezkuntza Saileko Zientzia Politikarako zuzendaria da, eta harentzat ere bereziki interesgarria da ikustea ea badagoen aldaketarik gazteen pertzepzioan. “Horretarako, maiztasun jakin batekin egin beharko ditugu azterketa hauek. Baina orain, behintzat, badugu oinarri bat, eta, hemendik aurrera, egiten ditugun ekintzen eragina neurtzeko tresna bat izango dugu”, adierazi du Ochoak. “Hala ere, kontuan izan behar dugu gizartean aldaketak oso motel gertatzen direla”, ohartarazi du.

Azterketaren emaitzak ikusita, Ochoari iruditzen zaio haur eta gazteak egiatiak izan direla. Normala iruditzen zaio haien interes nagusia kirola eta aisialdia izatea, “baina harritu egin nau hainbesteko interesa agertzea zientziarekiko”, aitortu du. “Hala ere, beren garaiko seme-alabak direla aintzat hartuta, zentzuzkoa da teknologiarekiko interes handia izatea, haien egunerokotasunean pisu handia baitu”.

Bestalde, ingurumenarekiko interes handiagoa izango zutela pentsatzen zuen Ochoak. “Erantzunen arabera, ordea, ez dakit zenbateraino ohartzen diren ingurumen-gaiek duten garrantziaz. Agian, zerikusia izango du horretan komunikabideetan ematen den irudiarekin, arlo horiei buruz azaltzen diren albisteetako asko ezkorrak izaten baitira: kutsadura, Garoña, arazoak... Hori aldatzeko, lana egin beharko dugu”.

Ochoak bereziki ondo baloratu du haur eta gazteek duten iritzia jasotzen duten hezkuntzari buruz. “Zoragarria iruditzen zait, eta esango nuke egiten ari garen ahaleginaren isla dela. Gainera, ikasketetan teknologia berriak hain gogoko izateak bide onetik goazela erakusten du”.

Aldi berean, gazteak “praktikoak” direla nabarmendu du Ochoak, “horregatik iruditzen zaizkie baliagarriak zientzia eta teknologiako gaiak, nahiz eta gero ez duten ikusten beren burua ikertzailearen rolean”. Hala ere, hori normala dela uste du, “gazteei zaila eta abstraktua dela iruditzen baitzaie, batez ere kirolari batekin edo enpresaburu batekin alderatuta”.

Generoen artean oraindik ere bereizketa dagoela ere adierazi du Ochoak: “Oraindik ere, neskek zientzia eta teknologiaren arlo gizatiarragoa dute gustuko, hala nola medikuntza eta osasuna, eta mutilek arlo teknikoagoa. Gure gizartearen argazki bat da, eta hori ere landu beharra dago”.

Juan Ignacio Perez Iglesias. EHU-BFA Kultura Zientifikoko katedrako koordinatzailea

Oro har, azterketa oso baliagarria iruditu zaio, eta iritzi bera du EHU-BFA Kultura Zientifikoko Katedrako koordinatzaileak ere, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek. Haren esanean, “informazio bat baliagarria izateko, lehen baldintza da informazio ona izatea, eta nik uste dut ona dela; izan ere, uste dut pentsatzen dutena esan dutela, eta horren froga da ia denek esan dutela kirola dela gehien gustatzen zaiena, batez ere mutilek”.

Horrez gain, espero zituen gauzak eta espero ez zituenak aurkitu ditu Pérez Iglesiasek. “Ezusteko horiek dira gehien interesatzen zaizkidanak; adibidez, haur eta gazteek oso argi dute zientzia baliagarria dela, dituen aplikazioengatik”. Baina hari ez zaio hori gustatzen, “nagusiek ere gauza bera pentsatzen dutelako, eta zientzian gabiltzanontzat zientzia ez da hori. Guretzat zientzia da mundua ulertzeko eta ezagutzeko tresna”.

Horiek horrela, Pérez Iglesiasek uste du agian hor dagoela zientzietako gaietan izandako bokazio-jaitsieraren arrazoia: “Ez dugu asmatu ulertarazten zientzia berez dela interesgarria, ez gerora izan ditzakeen aplikazioengatik”. Helduek duten ikuspuntu bera dutela pentsatzen du, “eta uste dut alde horretatik ahalegin bat egin beharko genukeela”.

Informazio osagarria:

Euskal Herriko gazteen zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioa 2011 txostena

Txostenaren laburpena
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila