Landareen hilabetekaria. Abendua

BITXIKERIA

Erein: hazia; Landatu: landarea, aldaska, zaina, erreboila, begia, etab.

Barazki bereziak

Arabarba:

Rheum rabarbarum . Uzta: hosto-txortena.

Arabarba landare bizigarria da eta berezkoa duen garraztasun izugarria medio konfitura, konpota edo beste barazki batzuekin nahasitako pure eta abarretan prestatu ohi da..

  • Landatu: apiril-maiatzean zain-puskak landatzen dira 0,8-1 m-ko tartearekin.
  • Lanak: hasieran ureztaketa ugari. Jorraldi batzuk burutu lurra zainaren inguruan arindu ondoren bilduz. Loretarako txortenak moztu.
  • Uzta: hurrengo urteko maiatzetik aurrera, hostoak garatu ahala bildu, beraien txortena edo pezioloa erabiltzen delarik.
  • Barietateak: Mitchell's; Royal Albert; Tobolsk-eko goizeko gorria; Victoria (berandukoa).

Baratzako belar bedeinkatua:

Valerianella olitoria . Uzta: hostoa.

Neguan letxuaren ordezko gertatzen den barazki hau ez da batere berozalea. Aldiz, hotza erraz jasan dezake. Hau dela eta, udaberri eta udazkenean itzalean eta heze mantenduko ditugu.

Belar-txarrik gabeko lurrean landu (barrabas belarrik gabe, adibidez); denbora luzez aritu beharko bait genuke hauek kentzen.

  • Erein: uztail-iraila aldean sailean edo 25-30 cm-ko tartea duten erroiletan. Metro karratuko gramo bat (500 ale) erein. Erroilatan ereinez gero, belar-kentze lana askoz ere errazagoa da.
  • Lanak: erein ondoren, eta erneketa burutu arte batipat (baina gero ere bai), ureztaketa izango da lanik garrantzitsuena. Belar txar guztiak ere ugari kendu behar dira.
  • Uzta:urrian hasi eta martxoa bitartean, negu osoan, landareak hazi ahala osoki moztuta. Uzta, areako 50-80 kg-koa izan ohi da.
  • Barietateak: italiarra (txikia, berde argia, goiztiarra); holandarra (berde iluna, oso gogorra); Etanpeseko berdea (onentzat hartua).

Txikori-belarra:

Taraxacum officinale . Uzta: hostoa.

Harrigarria gerta badaiteke ere, belardietan hain ugari ezagutu ohi dugun belar hau barazki bezala lantzea oso zabaldua dago Europa aldean.

Landare gogorra da eta ez du eguraldi aldetik inolako premia berezirik. Lurrari dagokionez, hareatsuak ezik edozeinetara egokitzen da..

  • Erein: apiril-ekaina aldera; mintegian, metro karratuko 1,5 edo 2 gramo.
  • Lanak: erneketa gogaikarri samarra duenez, turba pixka batez estaltzea komeni da, lurrak hezetasunari errazago eutsi diezaion.
  • Landatu: landaretxoek 4-6 hosto dituztenean 30 cm-ko tartea duten erroiletan, 10 cm-ra.
  • Zuriketa: txikori-belarra, naturan dagoen bezala berde jan baino zuritu ondoren jatea nahiago izaten da. Zuriketa hau hiru eratara egin daiteke:
    • hostoak elkarrengana bildu eta lotu
    • lotu eta gero lurrez estali
    • lotu eta gero lorontzi batez estali.
  • Uzta: urtarriletik aurrera.
  • Barietateak: azkenaldi honetan buru beteagoa duten belar-haziak azaldu dira azokatan.

Txikoria-osterzuria-eskarola kizkurra:

Cicharium intybus. Uzta: hostoa

Landare gogorra da eta hotza bezainbeste jasan ditzake lehortea eta beroa. Lurrik txarrenean ere hazten da.

  • Erein: apiril eta uztaila aldera zuzenean sailean, mintegian edo 30 cm-ko tartea duten erroiletan. Metro karratuko 0,5 gramo (gramoko 1.000 ale).
  • Landatu: mintegian ereindakoak (osterzuria eta kizkurra batipat) 4-6 hostoekin 40x30 cm-ko tartearekin.
  • Lanak: erroiletan ereindakoak, landare onenak aukeratu 4 hosto dituztenean, batetik bestera 10 cm utziz. Noizean behin ureztatu eta jorratu. Eskarolak lotu daitezke buruak zuri daitezen.
  • Uzta: negu osoan, osterzuria eta eskarola kizkurra burua osatzean; txikoria, hostoak 10-15 cm dituenean.
  • Barietateak: Txikoria: azukre ogia (garratza); Veronako gorria (xamurragoa)
    • Osterzuria: Milanoko zuria, papalinakoa eta Bordelekoa.
    • Eskarola kizkurra: Ruffee, Meaux, bihotz horia (udakoa).

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.