Sputnik 1, sobietarren ezustekoa

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Duela hamarkada batzuk, estatubatuarrak eta sobietarrak gerran zeuden. “Gerra hotza” deitzen zioten, ez zituztelako su-armak erabili, nahiz eta biek ere arma nuklearren mehatxua erabili bestea beldurtzeko. Gerraren beste joko-zelaietako bat espazioa zen, eta hor, 1957ko urriaren 4an, Sobiet Batasunak aurrea hartu zien Amerikako Estatu Batuei. Gerra agian ez, baina bataila behintzat irabazi zuen.

(Argazkia: NASA).

Izan ere, egun horretan, sobietarrek lehen satelite artifiziala Lurraren orbitan jartzea lortu zuten. Gaur egungo begiekin begiratuta, Sputnik 1 sateliteak ez dirudi gauza handia: aluminiozko esfera xume bat zen, 84 kilo pisatzen zituen, eta haren egitekoa atmosferaren goialdearen dentsitatea aztertzea zen. Datuak irrati-transmisore baten bidez bidaltzen zituen Lurrera, eta, orbitan 21 egun pasatu ondoren, mututu egin zen. Egun batzuk geroago, 1958ko urtarrilaren 4an, Lurraren atmosferan sartu eta guztiz kiskali zen. Hala ere, hori nahikoa izan zen estatubatuarrak gainditzeko.

Gerra hori aspaldi hasi zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, munduko bi potentzia nagusiak lehiatzen hasi ziren. Batez ere, bi arlotan jarri zuten arreta: misil militarrak eta atmosferaren goialdea ikertzeko sateliteak. Epe-muga ere bazuten: 1957-1958 Geofisikaren Nazioarteko Urtea izendatu zuten; beraz, ordurako prestatu behar zuten orbitan jarri eta bertatik datuak bidaliko zituen tresna.

Aipatutako bi arloak ez zeuden oso urruti bata bestetik; hain zuzen, ikerketa militarrak eman zien sobietarrei gudua irabazteko giltza. Arma nuklearrak jaurtitzeko, estatubatuarrek abioiak erabiltzeko asmoa zuten; aldiz, sobietarrek ideia berri bat zuten: koheteen bidez jaurtitzea. Ingeniari sobietarrek kontinenteen arteko lehen misil balistikoak diseinatu zituzten. Laster konturatu ziren kohete ahaltsu horiek atmosfera zeharkatzeko adina indar zutela.

1957ko ekainerako, prest zuten bi antenadun satelite esferiko distiratsu bat. Haren izen ofiziala Iskustvennyi Sputnik Zemli zen, hau da, “Lurreko bidaiari artifiziala”. Abuztuan, koheteak probatu zituzten, eta Nikita Khrunshchev lehen ministro sobietarrak Sputnik satelitea irailaren 17an jaurtitzeko baimena eman zuen. Izan ere, Konstantin Tsiolkovsky kosmonautikaren aita jaio zela ehun urte betetzen ziren egun horretan. Alabaina, arazo teknikoak zirela eta, jaurtiketa atzeratu egin behar izan zuten.

Espazioko lasterketaren akuilua

Azkenean, satelitea urriaren 2an muntatu zuten Kazhakhstan-go Baikonur kosmodromoan; irratia probatu zuten, satelitea estali eta jaurtigailua prestatu. Urriaren 4an, tronpeta-hotsekin batera, Moskun 10:28 p.m. zirenean, Sputnik 1 -ak Lurra utzi zuen. Harritzekoa bada ere, sobietarrek sekretupean gorde zuten jaurtiketa-unea, eta ez zuten argazkirik atera.

Kennedy Space Center museoan ere badute Sputnik bat. (Argazkia: P. Pellechia).

Satelitea jaurtiki ondoren eta irrati-seinaleak jaso bitartean pasatako minutuak ez ziren gozoak izan, baina itxaroteak merezi zuen: 95 minutu zain egon eta gero, Sputnik 1 -a orbitan zegoela egiaztatzen zuen irrati-seinalea iritsi zen. Orduan, TASS berri-agentzia ofizialak mundu osora zabaldu zuen albistea.

AEBetan, New Yorken 5:58 p.m. zirenean jaso zuten berria. Eisenhower presidenteak, garrantzia kendu nahian, “airean dagoen bola txikitxoa” deitu zion. Kolpea, ordea, latza izan zen. Nahiz eta ezkutatzen saiatu, sobietarrek aurrea hartu zieten, erantzun beharra zegoen.

1958ko uztailaren 29an, Eisenhowerrek AEBetako espazio-agentzia sortzeko legea sinatu zuen, eta urriaren 1ean jaio zen NASA. Horrekin batera, zientzialariak eta ingeniariak eratzeko programa berezi bat jarri zuten martxan, eta denbora gutxian Zientzia Elkartearen aurrekontua ia hirukoiztu egin zuten.

Zalantzarik gabe, Sputnik 1 espazioko ikerketen akuilu bihurtu zen, eta, 1969ko uztailaren 20an Neil Amstrong Ilargira iritsi eta “pauso txiki bat gizonarentzat, ikaragarrizko pausoa gizadiarentzat” esan zuen arte, sobietarrak eta estatubatuarrak parekatuta ibili ziren espazioko lasterketan.

Sputnik bat salgai

Sobiet Batasunak 1976an ateratako zigilua.

Nork esango zuen garai hartan Sputnik satelite mitikoak egunen batean merkatuan erosi ahal izango zirela! Baina hala da: orain, Interneten, Sovietski.com eta eBay Inc. atarietan hain zuzen, Sputnik bat jarri dute enkantean; hasteko, 25.000 dolarreko prezioa jarri diote. Sputnika egiazkoa bada, ikaragarrizko pagotxa dela uste dute adituek. Adibidez, duela bi urte, Sputnik bat erosteko 100.000 dolar ordaindu behar izan zizkion AEBetako Seattle-ko Hegaldi Museoak Moskuko Kosmonauten Museoari.

Alabaina, batek baino gehiagok zalantzan jartzen du satelitea egiazkoa denik. Sobiet Batasunean garai hartan hainbat Sputnik egin baziren ere, inork ez daki zenbat izan ziren. Auto klasikoen saltzaile estatubatuar batek benetako bi Sputnik ditu, eta, autoekin duen esperientzian oinarrituta, faltsifikazio on bat egitea ez zaio batere zaila iruditzen. Hori bai, bereak egiazkoak omen dira, Moskuko Lorpen Teknikoen Museoaren bermea baitute.

Zalantzak zalantza, seguru badagoela Sputnik bat erosteko irrikatan dagoen norbait. Horietako bat bazara, zorte on enkantean!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.