Irene Joliot Curie

Belaustegi Irazabal, Ainara

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

1897ko irailaren 12an jaio zen Irene Joliot Curie. Hark ere,
bere gurasoen gisara, aztarna garrantzitsua utzi zuen erradioaktibitatearen ikerketan. Hori bai, erradioaktibitateak berak ere ondotxo markatu zuen Ireneren bizitza. Eta ez Irenerena bakarrik, gizateriarena ere bai.
Frederic Joliot eta Irene Joliot Curie senar-emazteak.

Irene Joliot Curie jaio zen garaian aurkitu zuen gizakiak erradioaktibitatea. Eta ez Irenerenetik urruti, gainera; haren gurasoek, Pierre eta Marie Curie fisikari ospetsuek, zuzenean parte hartu zuten aurkikuntza hartan. 1896an, Becquerel fisikaria uranioaren ezaugarri erradioaktiboez jabetu zen, eta, handik bi urtera, Ireneren gurasoek beste zenbait elementu erradioaktibo aurkitu zituzten, radioa, polonioa eta torioa, hain zuzen.

Ordura arte atomoa zatiezina zen gizakiarentzat ( atomo hitzak hori esan nahi du grezieraz, zatiezina ). Erradioaktibitatearen aurkikuntzak, ordea, aldatu egin zituen gauzak. Atomo batzuen nukleoak ezegonkorrak zirela ikusi zuten, eta, ondorioz, atomo haiek erradiazioa igortzen zutela, beren masaren zati bat galduta.

Gurasoen bidetik

Irene Joliot Curieren bizitzan ezinbestez eragin zuen inguruak, eta hura ere gaztetatik murgildu zen erradioaktibitatearen munduan. Lehenengo Mundu Gerrak hamazazpi urte zituela harrapatu zuen, eta ospitale militarretan erradiologia-zerbitzu mugikorra antolatzen eta langileak trebatzen ibili zen, amarekin batera.

Gerra bukatuta, 1919an, Radioaren Institutuan hasi zen amarekin lanean. Oinarrizko ikerketari ere ekin zion, eta 1925ean polonioaren alfa partikulen gaineko tesia aurkeztu zuen —erradiazio-mota bat—. Urte hartan bertan Frederic Joliot fisikaria ezagutu, eta hurrengo urtean ezkondu egin ziren. Handik gerokoan, gurasoen gisara, elkarlanean aritu zen bikote gaztea.

Ikerketa ugari egin zuten Joliot-Curie senar-emazteek, eta aurkikuntza handia egin zuten horietako batean. Aluminio-xafla meheak bonbardatu zituzten polonioak igorritako alfa partikulekin, eta, partikula haiek aluminioarekin zuten elkarrekintza aztertzeko, aluminio-xaflaren beste aldean erradiazioaren intentsitatea nola aldatzen zen neurtu zuten. Eta, zur eta lur geratu ziren: alfa partikulekin bonbardatzeari utzita ere, erradiazioak jarraitu egiten zuen; gainera, erradiazio horren intentsitatea lege esponentzialari jarraituz gutxitzen zela ikusi zuten. Zer ari zen gertatzen?

Modu artifizialean sortutako erradioaktibitatea lortu zuen Joliot-Curie bikoteak. Hain zuzen, alfa partikulek aluminioaren eraldaketa eragiten dute, eta, ondorioz, fosforoaren isotopo erradioaktibo bat sortzen da.

Haiek behatutako erradiazioa fosforo-30ak igorritako beta partikulak ziren. Naturako aldaera atomiko bakarra fosforo-31 izanik, naturan ez dagoen isotopoa aurkitu zuten. Eta ez hori bakarrik; fosforo-30a guztiz desintegratzean, silizioa sortzen zela ikusi zuten gero. Aurkikuntza harengatik
—erradioaktibitatea artifizialki eragiteagatik, alegia— Kimikako Nobel saria jaso zuten 1935. urtean.

Aro nuklearraren hasiera

Erradioaktibitate artifizialaren aurkikuntza aurrerapauso handia izan da zientziarentzat. Gerora garatuko ziren minbiziaren kontrako tratamenduen, naturako objektu eta elementuen datazioaren, biologia molekularraren eta gaur eguneko genetikaren oinarriak finkatu zituen erradioaktibitate artifizialak.

Irene Joliot (eskuinean) eta Marie Curie. Irene 1919an hasi zen amarekin lanean Radioaren Institutuan.

Dena dela, dena ez da onerako izan. Are gehiago, okerrerako asko egin da. Gizakiak laster egin zituen arma nuklearrak. Eta, halabeharrez, baita erabili ere: 1945ean Estatu Batuek bonba atomikoak jaurtiki zituzten Hiroshiman eta Nagasakin. Hondamendia ikaragarria izan zen. Erradioaktibitateak milaka hil eta zaurituz josi zituen bazterrak, eta hainbat belaunaldi iraungo zuten kalteak eragin zituen populazioan.

Eta, zoritxarrez, kontua ez zen hor amaitu. Benetako aro nuklearra II. Mundu Gerra bukatuta hasi zen. Gerra Hotzaren tentsioak eraginda, armagintza nuklearrean sartu zen mundua, eta gizakiak gizateria guztia suntsitzeko beste arma egin zituen. Noski, zientzialariek zuzenean hartu zuten parte egiteko hartan.

Halere, beste hainbat kontra agertu ziren, haien artean Joliot-Curie senar-emazteak. Frantziak arma nuklearrak egitea erabaki zuenean ere tinko eutsi zion bikoteak kontrako jarrerari. Hori bai, gobernuaren interesei traba egiteak ondorioak izan zituen: Energia Atomikoko Batzordean zituzten postuetatik kanporatu zituzten —Frederic zuzendaria zen eta Irene lehengaien banaketaren eta uranioaren azterketaren arduraduna—.

Beraz, esan genezake erradioaktibitateak berebiziko eragina izan zuela Irene Joliot Curieren bizitzan. Are gehiago, haren heriotzan ere eragin zuen. Irene Joliot Curie 1956an hil zen leuzemiak jota, bizitzan osoan jasandako erradiazio-metaketak eraginda.

Erradioaktibitatea

Hiru erradiazio-mota bereizten dira: alfa partikulak, beta partikulak eta gamma izpiak. Alfa partikulak helio-nukleoak dira; bi protoiz eta bi neutroiz daude eratuta, eta, ondorioz, karga positiboa dute. Beta partikulak elektroiak dira. Gamma erradiazioak, aldiz, masa eta kargarik gabeko uhin elektromagnetikoak dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila