Egin bedi argia...!

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Erdi Aroan, iraultza handi bat gertatu zen mendebaldeko Europako elizen arkitekturan. Eliza iraunkorragoak egin nahian, arkitektura erromanikoa sortu zuten, eta arkitektura hura hobetzearen eta hobetzearen ondorioz, oso ezaugarri desberdinak zituen arkitektura batera iritsi ziren bi mende geroago; arkitektura gotikora, alegia. Aldaketa izugarria izan zen: elizak eta katedralak, eraikin txiki, ilun eta mardulak izatetik, tenplu handi, argitsu eta lirainak izatera pasatu ziren.

Egin bedi argia...!
2008/02/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: O. Carton)
Erdi Aroan, elizak eta katedralak herri eta hirietako eraikin garrantzitsuenak ziren. Katedralak hiriaren baliabideak, aberastasuna eta sona adierazten zituen bertako biztanleen eta kanpotarren aurrean. Hortaz, ahalegin oso handia egiten zuten eraikin ahalik eta handienak eta iraunkorrenak eraikitzen.

Katedral gotikoak izan ziren Erdi Aroan handitasun gehien adierazi zuten tenpluak; ordura arte inoiz eraikitako eraikin altuenak ziren, eta, aldi berean, arinak zirela ematen zuen, hormak hutsunez beteta baitzeuden: leihoak zirela, arrosa-leihoak zirela, beirateak zirela eta abar.

Baina ez ziren egun batetik bestera hasi horrelako eraikin dotore eta lirainak eraikitzen. Arkitektura gotikoa erromanikoa eboluzionatzearen ondorioz sortu zen, arkitektura erromanikoak zuen arazo handiena konpontzea lortu zutenean, hain zuzen ere. Seguru asko ez zen arkitektura gotikorik sortuko lehenago arkitektura erromanikorik izan ez balitz.

Era berean, arkitektura erromanikoa ere aurretik zegoen arazo handienaren konponbide gisa sortu zen. Hau da, arazoak konpondu ahala eta eraikitzeko teknikak hobetu ahala sortu ziren arkitektura-estiloen segida baten osagaiak izan ziren erromanikoa eta gotikoa.

Erromanikoaren ekarpena

Arkuko harrien pisuak eragiten zituen indarrak. Horma ez bazen gai indarrari eusteko, eraikina eraisteko arriskua oso handia zen.
G. Roa

X. mendearen inguruan sortu zenetik, arkitektura erromanikoaren helburu nagusia izan zen tenpluen iraunkortasuna luzatzea. Ordura arteko eliza eta katedralek ahulgune handi bat zuten: egurrezko teilatuak zituzten. Ezaugarri hura zela eta, oso zaurgarriak ziren suteen aurrean; teilatuak su hartzen baldin bazuen, eraikin osoa erortzeko arriskua oso handia zen.

Egurrezko teilatuak ordezkatu eta harrizkoak egitea pentsatu zuten eraikitzaileek. Hala, luzeago iraungo zuten; batetik, harria ez delako usteltzen, eta, bestetik, suteen aurrean askoz erresistenteagoa delako. Gainera, harriak edonon zeuden erabiltzeko moduan; beraz, ez zuten material-eskasiarik izateko arriskurik.

Sabaiak harriz estaltzeko, zirkuluerdi-itxura zuten harrizko egiturak eraikitzen hasi ziren: bi zutoinen artean erdi-puntuko arkuak egiten zituzten, bi horma paraleloren arteko hutsunea estaltzeko, forma bereko sabaiak (kanoi-gangak), eta lau hormen edo zutoinen arteko hutsunea estaltzeko, ertz-gangak. Ertz-gangak bi kanoi-ganga elkarrekin gurutzatuta egiten dira.

Halako egiturak eratzeko, harriei falka-itxura eman behar zieten; hura zen lanik zailena. Ezinbestekoak ziren trebatutako langileak, eta sabaietarako harriak lantzen zituzten langile-taldeak sortu ziren. Talde ibiltariak ziren, eta elizak eraikitzen ari ziren lekuetan batetik bestera joaten ziren, falka-formako harriez hornitzera.

Arku-itxurako egiturak eratzeko, falka-itxura eman behar zieten harriei.
Nafarroako turismoko marketin-zerbitzua
Behin forma egokia zutela, igeltseroek eraikitzen zuten eliza guztia; sabaiko harriak bata bestearen gainean eta ondoan behar bezala jarrita eratzen zituzten aipatutako egiturak.

Erraza dirudien arren, horrelako elizak eraikitzea ez zen edonolako erronka izan. Ordura arteko eraikinak egurrezko teilatuak izateko diseinatuta zeuden, eta ahulegiak ziren harrizko teilatu bati eusteko.

Arku-itxura duen egitura batean, berez, arkuaren edo gangaren erdiko harriek ondokoei transmititzen diete indarra, haiek ondokoei, eta abar. Hala, harrien pisuak eragiten duen indarrak arkuaren edo gangaren euskarri bertikaletaraino iritsi beharko luke. Hau da, harri batzuek besteen euskarri-lana egin beharko lukete, eta arkuari eusten dion zutabe, horma, edo dena delakoak pisu hori arazorik gabe jasan beharko luke.

Baina lan hartan aritzen ziren langileek ikusi zuten errealitatea ez zela hain perfektua. Harri bakoitza ondokoarekiko independentea zenez, eta elkar ukitzen zuten azalerak nahiko irregularrak zirenez, harrien pisuaren transferentzia ez zen aipatutakoa bezain zuzena. Pisuaren zati batek indar horizontal ezegonkortzaile bat eragiten zuen: bultzada. Bultzada horizontal hura harrien kargak eragiten duen indar bertikalarekin elkartzean, sabaiek indar zeiharra eragiten zuten azkenean.

Erromanikoan, hormetako irekidurak oso txikiak ziren, hormek eusteko funtzioa baitzuten. Indartzeko, gainera, kontrahorma lodiak jartzen zituzten.
O. Lakar

Arkuari eutsi behar zion horma ez baldin bazen kanporanzko indar zeihar hura xurgatzeko behar adina lodia, edo ez baldin bazuen egitura sendorik indar hari kontra egiteko, ezegonkortu eta behera erortzen zen. Eta ez ziren gutxi izan arrazoi harengatik eraitsi ziren eraikinak.

Hainbat bide asmatu zituzten arazo hura konpontzeko. Batetik, horma askoz lodiagoak eraikitzen hasi ziren. Zabaltzean pisu handiagoa hartzen zutenez, hormak gai ziren sortzen ziren indar zeiharrak xurgatzeko, eta egiturei zutik eusteko. Bestetik, jadanik eraikita zeuden eraikinen hormak sendotu behar izan zituzten teilatuak ordezkatu zituztenean. Horretarako, kontrahormak ezarri zituzten hormetan.

Helburu hura zuen beste sistema bat kanoi erdiko ganga izan zen. Hitzak berak adierazten duen bezala, kanoi-ganga baten erdia zen, hau da, tunel baten erdia. Eliza baten habearte baten bi aldeetan kanoi erdiko ganga bana jartzen zuten, habearte haren gangak eragiten zuen presioa desbideratzeko. Oso eraginkorra zen juxtu ganga bera bukatzen zen puntuan kokatuz gero. Hala, ganga hari eutsi beharko liokeen hormari laguntzen zion, pisuaren zati bat kentzen baitzion.

Egitura haien guztien artean, harrizko eraikin sendo izugarri handi bihurtu zituzten elizak eta katedralak. Bi hitzetan, horrela laburbildu dezakegu eraikin erromaniko bat: elkarri kontrako indarrak eragiten dizkieten egituren multzo bat. Hormak hain lodiak zirenez, eta hain funtzio garrantzitsua zutenez, ez zuten leiho handirik irekitzeko aukerarik. Izan ere, zulatuz gero hormek eusteko gaitasuna galduko zuten. Hortaz, leihoak eta ateak ahal bezain txikiak ziren. Eta, horren ondorioz, elizak oso ilunak ziren. Mardulak, sendoak eta ilunak.

Sovillac herriko eliza erromanikoa. Mardula eta trinkoa da.
O. Carton

Hurrengo pausoa: gotikoa

Urteak aurrera joan ahala, eraikitzeko teknikak findu zituzten, eta, pixkanaka, indarrak bideratzeko, xurgatzeko eta arintzeko bide berriak asmatu zituzten. Une batean, arkuen itxura aldatu zuten. Ordura arte zirkuluerdi-itxura zuten egitura guztiei arku zorrotzaren forma eman zieten: kanoi-gangak arku zorrotzez egin zituzten, eta lehen kanoi-gangak gurutzatuta eratutako ertz-gangen antzekoak eraiki zituzten arku zorrotzez egindako kanoi-gangekin. Gurutze-ganga izenez ezagutzen dira asmatu zituzten egitura berri haiek.

Aldaketa horrek txikia dirudi, baina izugarrizko aurrerapausoa izan zen. Hain zuzen ere, horrexek egin zuen posible eraikitzeko estilo batetik bestera iragatea. Arku zorrotzek modu bertikalagoan transferitzen dute erdiko harrien karga, eta, hala, bultzadaren indar horizontala nabarmen txikitzea lortu zuten. Horren ondorioz, hormek ez zuten lehen bezain lodiak izan beharrik, argalagoak izanda ere gai baitziren teilatuei eusteko.

Horrez gainera, indarrei kontra egiteko bide eraginkorragoak aurkitu zituzten. Ikusi zuten gurutze-gangetako lau zutoinak arkuen bidez lotzen baldin bazituzten elkarrekin ganga eratzen zuten harriek arku haiei transmititzen zietela karga. Hala, ganga haiek zutoinetan eragiten zuten indarra mugatzea lortu zuten. Oso lorpen handia izan zen hura, zutoinak bakarrik indartuta edo sendotuta nahikoa baitzen ganga osoaren karga indargabetzeko.

Eliza gotikoak lirainagoak ziren; hormek euskarri-funtzioa galdu zuten eta leihoz eta beiratez bete zituzten.
O. Carton; O. Lakar

Zutoinen sendotasuna handitzeko, kontrahorma berriak garatu zituzten: ostiko-arkuak. Oinarrian, arkitektura erromanikoan erabiltzen zituzten kontrahormen funtzio bera zuten, baina eraginkorragoak ziren: gurutze-ganga lau zutoinekin elkartzen zen puntuetan, arku bana eraikitzen zuten kanporantz, eta arkuaren beste muturrean kontrahorma edo pilare bat eratzen zuten lurreraino. Euskarri hark eusten zion gangaren pisuari.

Hala, gangaren azpian zeuden hormek euskarri-funtzioa galdu zuten. Bultzadak indargabetzeko ez zegoen eraikinaren hormak erabili beharrik, eraikinetik kanpo zeuden ostiko-arkuek betetzen baitzuten funtzio hura. Eraikitzaileak ohartu ziren modu hartan izugarri handitu zezaketela eraikinaren altuera, eta, halaber, hormetako irekidurak nahi adina handitu zitzaketela. Berrikuntza haiei esker, elizak ordura arte imajinatu ere egin ezin zituzten eraikin handi, argitsu eta lirain bilakatu ziren. Eta argia egin zen.

Erromanikoa eta gotikoa nahasita
Kontuan izan behar da garai hartan eliza bat, eta, batez ere, katedral bat eraikitzeko lanak asko luzatzen zirela; ez ziren gelditu gabe egiten. Adibidez, Burgosko katedrala 1221ean hasi ziren eraikitzen, eta bukatu zutenerako 1765a zen; bostehun urte inguru eman zituzten, alajaina! XII. mendearen inguruan egiten hasi ziren hainbat eliza arkitektura gotikoa indarrean zegoenean bukatu zituzten. Halaber, eliza erromaniko batzuek ezbeharren edota erasoen eraginez zati batzuk galdu zituzten arkitektura gotikoaren garaian. Haiek konpontzeko edo berritzeko, egitura gotikoak erabili zituzten.
(Argazkia: J. Mendizabal)
Beraz, ez da batere arraroa eliza berean bi estiloetako ezaugarriak elkarren ondoan aurkitzea. Azken finean, lan horretaz arduratzen zenak erabakitzen zuen nola berrituko zuen, eta zer ezaugarri emango zizkion berak berreraikiko zuen zatiari. Aurretik eginda zegoenaren estiloa errespetatu edo ez, haren esku zegoen. Gaur egun, eraikinak zaharberritzean egitura originalari eusteko joera oso handia da. Hala ere, badaude salbuespen bitxi batzuk. Adibidez, 1992an, Salamancako katedrala zaharberritu zutenean, langileek oroigarri bat egin zuten ate batean. Ikusi duzu han zizelkatuta dagoen astronauta?
Lakar Iraizoz, Oihane
3
239
2008
2
039
Arkitektura
Artikulua
32
0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.