Lorea Argarate Zubia Telekomunikazio-ingeniaria

“Zortea bilatu eta zaindu duen neska naiz"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

zortea-bilatu-eta-zaindu-duen-neska-naiz
Arg. Gador Salis

Batek baino gehiagok “Las Tea Party DJs” bikotearen kideetako bat delako ezagutuko du Lorea Argarate Zubia, eta ez du susmatu ere egingo zientzialaria denik, baina, hark dioenez, betidanik gustatu izan zaio zientzia. Gurasoak ere zientzia-zaleak omen dira; horren erakusgarri, etxean beti izan dute Elhuyar aldizkaria. 

Hala ere, ezin du ezkutatu musikarekiko grina: “Musika-mota pila bat gustatzen zaizkit, eta talde askotan eta jende desberdin askorekin jo dut”. Hala, unibertsitate-mailako ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zitzaionean, Fisikaren alde egin zuen. “Musikaren alderdi fisikoa ezagutu nahi nuen, uhinak eta hori dena. Fisika ikasita, dena jakingo nuela pentsatzen nuen”. 

Alabaina, laugarren urtean utzi egin zuen Fisikako karrera. “Ez nuen topatzen bilatzen nuena, eta motibazioa galtzen joan nintzen, Aitziber Anakabe irakasleak nire lan frikiak baloratzen zituen arren. Nik gauzak egiteko ikasi nahi nuen Fisika, ez Fisikaz hitz egiteko, eta han ez genuen ezer egiten”. Azkenean, Fisika uztea erabaki zuen. 

Aldi berean, musika elektronikoarekin hasi zen: “Ni klarinete-jotzailea naiz. Karrera egin dut, eta nire ametsa klarineteak egitea zen. Baina hori oso garestia da. Orduan musika elektronikoa deskubritu nuen, eta oso merkea eta erraza dela ikusi nuen, neuk egiteko modukoa”. Horrela ezagutu zuen zer zen elektronika eta zer ingeniaritza, eta Deustuko Unibertsitatean beretzako moduko ingeniaritza bat zutela ikusi zuen: “Telekomunikazio Ingeniaritza graduaren barruan, Irudia eta Soinua adarra zegoela ikusi nuen, eta hor ematen ziren ikasgaiak bat zetozen, guztiz, nik egin nahi nuenarekin”. 

Ikasgaiak ez ezik, irakasleak ere gustuko izan zituen, bereziki bat: Mari Luz Guenaga Gómez. “Lehenengo mailatik izan dut ondoan, eta beti lagundu dit aurrera eramaten nire nahiak”. Gogoan du, adibidez, lehen mailan Programazioa irakatsi ziela, euskaraz, eta sei baino ez zirela gelan. “Ordutik, erreferente oso indartsua izan da niretzat. Eta hasieran hardwarean jarria banuen arreta, hari esker deskubritu nuen programatzeak ematen dituen aukerak. Nahi nuena egin nezakeen!” 

Marra paraleloak batu zirenekoa

Lau urte igarota, gradu-amaierako proiektua egin behar zuen, eta hor batu zitzaizkion bere hiru pasioak: zientzia, musika eta hezkuntza. “Ordura arte, marra paraleloak ziren: beti zeuden oso hurbil, baina ez ziren elkartzen. Agian, perpendikularrean jartzen ziren, eta orduan gurutzatzen ziren, baina une horretan bakarrik. Gradu-amaierako proiektuan, bat egin zuten”. 

Hain zuzen ere, musikaren bidez haurrei programazioa irakasteko jostailu bat garatu zuen, “Beatkids”. Kode irekian egin zuen, eta planoak eta material guztia eskuragarri jarri zituen; beraz, munduko edozein txokotan edonork egin dezake bere kabuz. Horrek erabat gogobete omen zuen, eta geroztik Deustuko Unibertsitatean jarraitzen du, Learning Lab laborategian, ikerketa-laguntzaile lanetan. 

Aldi berean, Deustuko Unibertsitatea eta Elhuyarren artean sortutako INSPIRA ekimenean parte hartzen ari da. Ekimenaren helburua neskengan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzea da, eta, horretarako, inspirazio-iturri edo eredu izan daitezkeen emakume profesionalen esperientzia jasotzen dute, lehen eskutik. “Esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat; beste lan batzuekin alderatuta, oso pertsonala izan da, eta asko jaso dut”. 

Bukatzeko, norberaren jarrerak eta inguruak duten eragina nabarmendu nahi izan ditu: "Egun onak ez datoz bakarrik, egun onak "egin” egin behar dira eta gauzak egiteko ingurune oso ona eta proaktiboa izan dut. Beraz, esatetik egitera ez da zailtasun askorik egon.  Zortea bilatu eta zaindu duen neska naiz”.

Lorea Argarate Zubia

Lorea Argarate Zubia Bilbon jaioa da, 1990ean. Fisikako ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, laugarren mailara arte, eta, gero, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako Gradua egin zuen, Deustuko unibertsitatean. Han egin zituen Industria Antolaketako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra, Big Data eta BI programa berria ere, eta bertan jarraitzen du, Learning Lab laborategian, ikerketa-laguntzaile lanetan.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.