Aitor Villafranca Velasco Fisikako doktorea

“Zientzia-eremuan jende guztiak aukera berdinak izatea nahi dugu”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

zientzia-eremuan-jende-guztiak-aukera-berdinak-iza
Arg. Aitor Villafranca Velasco

Aitor Villafranca Velasco Daza de Valdes Optika Institutuko ikertzailea da (CSIC), eta Prisma elkartearen zuzendaritzako kidea. Elkarte horrek dibertsitate sexu-afektiboaren alde dihardu, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren munduan. 

Villafrancak azaldu duenez, Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen, Zaragozan, lau urte zaharragoa den anaiak ere horixe ikasi zuelako. "Ikusten nuenean irakasten ziotela nola bihurtu mundua seinale, nola eraldatu seinaleak eta nola jolastu haiekin, asko erakartzen ninduen. Eta ikasketak egiten asko gozatu nuen. Optika zen gehien gustatzen zitzaidan alderdia, eta horretara jotzea erabaki nuen". 

Unibertsitateko ikasketak bukatutakoan, urtebetez patenteekin lanean aritu zen. "Oso interesgarria zen, baina nik beste jende baten asmakuntzak babesten nituen. Eta asmatzailea neu izateko gogoa piztu zitzaidan: neuk sortu nahi nituen teknologia eta asmakuntza berriak, eta haiek patentatu". 

Hala, doktoretza egitea erabaki zuen, Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Aitortu duenez, ikerketatik gehien gustatzen zaion alderdia da ideia berriak sortzea, eta ideia horiek jakintza bilakatzea edo, agian, baita gizarteari erabilgarria izango zaion zerbait ere. Hain zuzen, optika integratuan lan egiten du, eta duela urte batzuk spin-off bat sortu zuen, Alcyon Photonics, diseinuak aplikazioetara eramateko.  

Alde horretatik egindako bideak asko asebetetzen badu ere, aitortu du bizipen gogorrak izan dituela queer izateagatik, hain ingurune maskulinizatuan. "Gehiengoa gizon zuriak, cis eta heteroak dira, eta izaera hegemoniko horretatik oso urruti nagoenez, esperientzia txarrak izan ditut: hori nire lekua ez dela sentitzetik hasi, nire izaera eta esperientziak ez datozelako bat inguruan ikusten ditudanekin eta zientzian arrakasta dutenenarekin, eta zuzenean esperientzia txarrak izatera, hala nola baztertzea edo nirekin lankidetzan aritu nahi ez izatea, homosexuala naizelako".

Hala ere, azpimarratu du esperientzia onak txarrak baino askoz ere gehiago izan direla, eta jende zoragarriarekin egin duela lana eta CSICen lanpostua lortu duela: "Beraz, nire ibilbidea arrakastaren adibidea da, baina jende askok ez du zorte bera izan, eta pertsona queerrok besteek baino joera handiagoa dugu ibilbide akademikoa uzteko, babes-faltagatik eta aukera-faltagatik. Edo, bestela, ez dira armairutik ateratzen. Espainian ez dago azterketarik, baina beste leku batzuetako datuek erakusten dute gizon gay asko daudela armairuan, are gehiago emakume lesbianak, eta haiek baino are gehiago bisexualak; bisexualen % 14 baino ez daude armairutik kanpo". 

Azaldu duenez, armairu barruan egoteak dakar etengabe kezkatuta egotea nabaritu ez dadin, eta beldur izatea zer gertatuko den jakiten bada. Horrek eragina dauka bai buruko osasunean, bai ekoizpen zientifikoan, eta azken hori ezinbestekoa da karreran aurrera egiteko. 

Norbanakotik kolektibora 

Kolektiboraren edo taldearen garrantzia nabarmendu du Villafrancak, eta gogoratu du duela urte asko hasi zela militatzen COGAMen. Tailerrak ematen zituen bigarren hezkuntzan, eta eremu zientifiko-teknologikora eramateko gogoa sortu zitzaion. Asmo bera zuten beste hainbat pertsona ezagutu zituen, eta denen artean Prisma sortu zuten: "Esperientzia zoragarria da, jende oso desberdinarekin, arlo oso desberdinetakoak, eta aukera ematen diguna giro zientifiko batean egoteko, kide garenon artean. Gainera, oso harro nago egiten ari garen gauza guztiengatik: erakundeekin elkarlanean ari gara, jardunaldiak eta tailerrak ematen ditugu, biltzarrak egiten ditugu..." 

Nazioarteko talde edo erakunde batzuekin ere badute harremana, nahiz eta ez den oso egituratua oraindik. Hori bai: interes handia dagoela ikusi dute, eta gogoetetatik ekintzetara pasatzeko gogoa dagoela baieztatu. "Jende askok eskatu digu ekintzak proposatzen laguntzeko, gauzak aldatzeko. Eta horretan ari gara; momentuz, Espainian, batez ere". 

Izan ere, guztiek aukera-berdintasuna bermatu nahi dute. "Mugimendu feministek eta antifarrazistek erakutsi diguten bezala, zure abiapuntuko ezaugarriengatik, aukera batzuk edo besteak izango dituzu eskuragarri, eta zailtasun desberdinei egin beharko diezu aurre. Jende guztiak aukera berdinak izatea nahi dugu. Gainera, uste dugu zientzia dibertsoa zientzia hobea dela. Zenbat eta ahots eta begirada gehiago izan arazo bati aurre egiteko, orduan eta irtenbide gehiago eta hobeak lortuko ditugu. Zientzia objektiboa izanik ere, zuk erabaki behar duzu zer arazo gainditu nahi duzun eta nola egingo duzun. Zenbat eta jende desberdin gehiago egon erabakiak hartzen, orduan eta onura handiagoa zientziarentzat eta gizartearentzat". 

Zentro zientifikoak horretaz jabetzea nahi dute, eta diskriminazioaren aurka neurriak hartzea eta bestelako erreferenteak nabarmentzea. Halaber, iruditzen zaio beharrezkoa dela erabaki-ahalmena duten pertsonek dibertsitateari buruzko heziketa jasotzea. Eta, hala ere, esperientzia okerrak gertatuko balira, protokoloak ezarri beharko lirateke, erantzun egokia emateko, eta ingurune seguruak eta bidezkoak lortzeko.

 

Aitor Villafranca Velasco
Aitor Villafranca Velasco Valtierran jaioa da, 1985ean. Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen, Zaragozan, eta gero fisikako doktoretza egin zuen, Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Alcyon Photonics spin-offa sortu zuen, eta Velasco Daza de Valdes Optika Institutuko ikertzailea da (CSIC). A.V.Velasco izenez sinatzen ditu bere ikerlanak, eta Prisma elkartearen sortzaileetako bat eta zuzendaritzako kidea da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila