"Parte-hartzaileekin harremana dut, eta hortik ere asko ikasten dut"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

parte-hartzaileekin-harremana-dut-eta-hortik-ere-a
Arg. Maddi Ibarbia

Maddi Ibarbia Garate bere saltsan dabil BCBL kognizioa, garuna eta hizkuntzari buruzko ikerketa-zentroan, tesia egiten. Aitortu duenez, bide zuzenetik iritsi da hara.

Hain zuzen, betitik erakartzen zuen medikuntzak eta giza gorputza ezagutzeak, eta, batxilergoko bigarren mailan zegoela, Ingeniaritza Biomedikoa gradua ezagutzeko ate irekien jardunaldia zegoela ikusi zuen. Gradu berria zen, beraz, ordura arte ez zuen hori ikasteko asmorik izan, baina berehala pentsatu zuen beretzat egokia izan zitekeela. Baita asmatu ere! Hala dio Ibarbiak: “Orain ikasten hasi beharko banu, berriro aukeratuko nuke Ingeniaritza Biomedikoa, inolako zalantzarik gabe”.

Gradua ikasi ondoren, Datu Biomedikoen Analisiaren masterra egin zuen, eta segidan sortu zitzaion BCBLn tesia egiteko aukera. Orain, tesiaren lehen urtean dago, eta, horraino etenik gabe iritsi bada ere, sumatzen du aldea hasi aurretik egin dituen ikasketen eta oraingo lanaren artean: “Ikasten ari zarela, egiten dituzu praktikak ere, baina horietan dena bideratuta dago. Zuk egin bakarrik egin behar duzu. Aldiz, orain, nik diseinatu behar ditut esperimentuak, egin ere neuk egiten ditut, eta ardura nirea da”.

Ez du damurik, dena den, horixe baitzen nahi zuena. “Gradua ikasten hasi nintzenetik, argi neukan tesia egin nahi nuela; batetik, formazioan sakontzeko, eta, bestetik, lan-mundurako ateak irekitzeko balioko zidala uste nuelako. Eta hala izan da”, baieztatu du Ibarbiak.

Erresonantzia magnetikoko metodo desberdinetatik ahalik eta onura gehien lortzea da Ibarbiaren helburua. Azaldu duenez, datuen analisi estatistikoko metodo berri batekin ari da lanean: “Orain arteko metodoek aldagai bakarra onartzen zuten, eta ni aldagai bat baino gehiago har dezakeen metodo batekin ari naiz lanean. Horri esker, garunaren analisi estatistikoa osotasunean egin dezakegu, garuneko zatitxo bakoitza banan bana aztertu beharrean”.

Sormena, ikerketagai

Lan guztia, ordea, ez du ordenagailu aurrean eta zenbakiekin egiten; pertsonekin ere aritzen da, aurrez aurre: “Orain, sormen-prozesua aztertzeko esperimentu batean nabil lanean, eta parte-hartzaileak Mugaritz jatetxeko sukaldariak dira. Zehazki, erresonantzia magnetikoan aztertzen ditugu haien garunak, sormen-prozesuaren aurretik eta ondoren, ikusteko aldaketarik ba ote dagoen”.

Horrez gain, chefentzako beste esperimentu bat ere prestatzen ari dira. “Kasu horretan, erresonantzia magnetikoko proba egin bitartean, sormen-ariketa bat egin beharko dute. Horrela, zer eremu aktibatzen diren aztertu nahi dugu”. Eta BCBLko beste ikertzaile batzuei laguntzen ere badabil, memoriari buruzko azterketa batean.

Ibarbiaren esanean, jendearekin zuzeneko harremana izateak asko asetzen du, eta oso gustuko du bere lanaren alderdi hori: “Beste ikerketa-zentro batzuetan, zenbakiekin bakarrik egiten dute lana; baina nik hemen aukera dut esperimentua diseinatu eta parte-hartzaileekin harremanetan jartzeko; erresonantzia magnetikoko probak ere hemen bertan egiten dizkiegu. Beste leku askotan, datu-baseetatik ateratzen dituzte datuak, eta haien analisia baino ez dute egiten; nik, berriz, beste gertutasun bat dut parte-hartzaileekin, eta horretatik ere asko ikasten dut”.

Atzerrian egindako egonaldiak ere oso esperientzia baliagarriak izan direla adierazi du  Ibarbiak: "Tesiarekin, badut kanpora joateko asmoa. Lehen ere izan naiz, eta oso aberasgarria izan da. Erasmus bekarekin Belgikan izan nintzen, Lovainan, eta masterreko proiektua egiten, berriz, Berlinen".

Oraingoz ez du etorkizun urrunerako planik, momentuz "nahikoa" du tesiarekin, baina, zailtasunak zailtasun, gustura ari onartu dut: "Zortea dut, benetan gustatzen baitzait egiten ari naizena".

Maddi Ibarbia Garate

Maddi Ibarbia Garate Orion jaio zen, 1991ean urtean. Nafarroako Unibertsitatean graduatu zen, Ingeniaritza Biomedikoa graduan, eta gero, unibertsitate berean, Ingeniaritza Biomedikoko masterra egin,eta datu biomedikoen analisian espezializatu zen. Micro Discovery GmbH enpresan (Berlin) masterreko tesina egin ondoren, BCBLn doktoretza egiten ari da, MINECO bekarekin.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.