Uxoa Iñurrieta Urmeneta Hizkuntzalaria

“Diziplina arteko nahasketa hori oso gustukoa dut”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

diziplina-arteko-nahasketa-hori-oso-gustukoa-dut
Uxoa Iñurrieta Urmeneta Arg. Uxoa Iñurrieta

Uxoa Iñurrieta IXA taldeko ikertzaileak itzulpengintza ikasi zuen, eta, ikerketan aritzeaz gain, itzulpenak ere egiten ditu tarteka. Ikasketak bukatu baino lehen hasi zen itzultzaile-lanetan, baina argi zuen master bat ere egin nahi zuela. Orduan hurbildu zen informatikara. Eta, aitortu duenez, ez zaio damutu.

Izan ere, teknologiaren munduak asko erakartzen du. “Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua da masterraren izena, eta gustatu zitzaidan hizkuntzalaritza eta alderdi konputazionala uztartzen dituelako. Gainera, masterra ez dago zuzenduta hizkuntzalariei bakarrik, informatikarientzat ere bada, eta nahasketa hori ere oso gustukoa dut”.

Are gehiago, diziplinartekotasunaren onurak goraipatu ditu, onartu arren batzuetan ez dela erraza bi munduak elkartzea: “Berez, hizkuntzalaritzak eta informatikak oso gauza gutxitan egiten dute bat, eta bateratu beharra da, agian, gure lanaren alderdi zailena. Izan ere, hizkuntzak oso askeak dira; badituzte arauak, baina zati oso handi bat arauetatik kanpo geratzen da. Hori guztia ordenagailuak uler dezan, datu pila bat eman behar dizkiozu, eta hori oso zaila da. Lankideen artean izaten ditugun eztabaida askoren jatorria hori izaten da”, aitortu du Iñurrietak.

Dioenez, informatikariak saiatzen dira dena zenbakitan ematen, eta hizkuntzalariak, aldiz, saiatzen dira hizkuntzaren arrazoiak ulertzen. Hortaz, arazo berberari aurre egiteko, oso ikuspuntu desberdinetatik abiatzen dira. Hala ere, Iñurrietarentzat, hori onerako da: “Nire ustez, bi ikuspuntuak dira beharrezkoak helburura iristeko, osagarriak baitira”.

Lana eta lantaldea, biak gustukoak

Egiten ari den ikerketa horren adibide da. Hain zuzen, tesiaren bigarren urtea du, eta hitz-konbinazioak ditu aztergai (adarra jo, lan egin eta halakoak): “eskuz egindako itzulpenetan, hitz-konbinazioak aztertzen ditut, eta ikusten dut nola itzultzen diren, gero tratamendu automatikoa emateko, esaterako, itzulpen automatikorako. Aurrena gaztelania-euskararekin aritu naiz, eta orain ingeles-euskararekin hasi naiz”.

“Egitura bereziak dira”, baieztatu du Iñurrietak: “Esanahia ez ezik, esaldien barruan duten portaera ere aldatzen zaie, eta horrek zaildu egiten du lana”. Edonola ere, gustura dabil oso, batez ere, lan-taldeak ematen dion laguntasunarengatik: “Elkarri pila bat laguntzen diogu, eta oso babestua sentitzen naiz”, esan du, eskertuta.

Tesia egitea bera ere gustuko du: “Niretzat pagotxa da, etengabe gauza berriak ikasteaz gain, lana egiten dudalako. Hau da, ordaindu egiten didate, gustuko dudan arloan ikasteagatik”. Gainera, ordutegiaren aldetik, askatasun handia dutela aipatu du, eta hori ere estimatzen duela.

Alde txarrei buruz galdetuta, batetik, lanean ez dagoenean ere laneko gaiak ahazteko ezintasuna nabarmendu du, eta, bestetik, motibazioan izaten dituen gorabeherak: “Lana taldean egiten badugu ere, ni nire ikerketa ari naiz egiten, eta zuloan sartzen naizenean, nik neuk atera behar dut hortik”. Hala ere, berehala gehitu du lankideak eta tesi-zuzendariak beti daudela laguntzeko prest.

Etorkizunera begira, ez du plan zehatzik: “Oraindik bi urte eta erdi geratzen zaizkit tesia amaitzeko, eta gero ez dizkiot ateak itxi nahi ezeri: itzuli, ikertu, irakatsi... denak egingo nituzke, eta, ahal badut, bat baino gehiago batera. Adibidez, itzuli eta ikertu, edo ikertu eta irakatsi...”
Uxoa Iñurrieta Urmeneta
Donostian jaioa, 1990ean. Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra egiten ari zela, EHUko IXA ikerketa-taldean hasi zen lanean, eta doktoretza-tesia ere han egitea erabaki zuen. Horretan dihardu gaur egun, tarteka itzulpen lanen bat edo beste ere egin arren.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.