Zientzia ilustrazio bidez komunikatzea

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Jarduera zientifikoak beti izan ditu lagun irudiak. Marrazkilariek agerrarazi dute garunak irudikatutakoa, marrazkilariek jaso zuten argazkilariek baino lehen naturalistek aurkitutakoa, eta marrazkilariek irudikatu dituzte fisikak edo teknologiak neurtu eta deskribatutakoak.

Jarduera zientifikoaren lagun bakarrik ez, gure gisako zientzia-kazetari eta -dibulgatzaileentzat ere sekulako laguntza dira ilustrazioak, eta, batzuetan, ezinbesteko erreminta. Zenbaki honetan, ilustratzaileek zientziaren komunikazioan duten zereginaren alderdi zehatz bati heldu diogu: ikusi ezin dena irudikatzen duten artisten lantegietara hurbildu gara.

Protagonistetako batek ikusi ezin den unibertsoa marrazten du guretzat. Gorputza ematen die izarren barrualdeari, oso urruneko planetei, edo aldizkari honen azalekoa bezalako disko protoplanetarioei. Eguneroko erronka du teleskopio bidez jasotako datuek esaten dutenari leial jokatzea, eta, aldi berean, ikusleak ulertzeko eta hari zirrara eragiteko falta diren osagaiak irudikatu eta moldatzea. Zientzia hitzen bidez komunikatzen dugunon oreka berari eutsi behar dio ilustratzaileak ere: datuak faltsutu gabe, publikoarentzat baliagarria den interpretazio errazago bat sortu behar du, irudi okerrrak sortzeko arriskuaren muga gainditu gabe. Eta kasu zehatz honetan, gainera, irudimenarekin betez falta diren datuen hutsunea.

Zenbaki honetako bigarren artistak pertsonaia eta gertakari historikoak ilustratzen ditu, eta, harentzat, dokumentatu ezin direnak bezainbesteko erronka dira faltsutzeak. Izan ere, maiz, indar handiagoz iritsi zaizkigu faltsututako edo apaindutako istorio eta kondairak, egiazko gertakariak baino.

Baina kontatzen dutena egia osoa ez izanagatik, biak bat datoz ilustrazioek komunikazioan duten garrantzi handiari dagokionez; baita beharrezkoak ez direnean ere kontatu nahi dena ulertzeko, irudien beharra duen gizartean bizi garelako.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila