Txikitasunean handi

Eskuetan daukazu Elhuyar aldizkari berria, lehengoa baino txikiagoa eta zainduagoa. Zuoi, harpidedunoi, eta, bereziki, iritziak eta proposamenak helarazten diguzuenoi, zor dizuegu aldaketa. Hain zuzen, zuei esker erabaki dugu protagonismo handiagoa ematea zientzialariei, pertsonei, analisiak indartuta eta Gai Librean atala txukunduta. Aldizkariak jarrai dezala zientzia maite dugun euskaldunon bilgune izaten.

Zenbaki honetan, birusetan iheskorrena jo dugu begiz: giza immunoeskasiaren birusa. Zientziak birus baten aurka inoiz egindako ahalegin handienaren aurrean, zirrikituak aurkitu izan ditu beti GIBak ihes egiteko. Baina UNESCOk 2030rako GIBaren epidemia desagerrarazteko helburua jarri du. Hasia da, hortaz, atzerako kontaketa. Eva Poveda birologoari egin diogu elkarrizketa, birusa desagerraraztea baldintzatu dezaketen faktoreak aztertzeko.

Tinto ibaira ere gerturatu gara, haren ur gorri eta azidoetara. Han ez dago arrainik, ez anfibiorik, ez intsekturik. Pentsa liteke ez dela bizia bere baitan hartzeko toki egokia, baina alderantziz da: bizidunek sortu dute Tinto ibaia. Lur azpian, ehunka metrora bizi diren izakiek. Materia organikorik gabe, oxigenorik gabe, harkaitz hutsez elikatzen dira. NASAren ustez, Marten bizitzarik bada, Tinto ibaiaren lur azpiko biosfera ilun horren antzekoa izan liteke. Hala, milaka urtez kobrea, zilarra eta urrea ateratzeko meategi izan ondoren, Marteren eredu eta ikerketarako leku bihurtu da. Hango edertasunak liluraturik, Tinto ibaiko ur gorrizta eta harkaitz pigmentatuak ekarri ditugu zuentzat.

Baina zenbaki berezi honetan, gorputza dugu protagonista. Garuna jartzen dugu gure giza izaeraren muinean, gure pentsamenduen sorleku eta gizaki egiten gaituena balitz bezala. Baina gorputzak ere zeresan handia du. Gorputzak du, neurri handi batean, oroimenaren giltza; gorputzak baldintzatzen ditu gure sentimenduak, entzuten duguna ulertzeko gaitasuna. Neurozientzialariak lanean dabiltza, argitu nahian nola komunikatzen diren garuna eta gorputza, nola eragiten dioten elkarri. Baina ez da erraza hori nola ikertzen den imajinatzea. Bada, pertsona gorputzetik kanpo kokatzen duten esperimentuen bidez egiten dute, besteak beste. Sartu eta ikusi.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila