Ikuspegi-aldaketa baten testigantza

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Garenari beste ikuspuntu batetik begiratzeko, eta gugan bizi diren mikroorganismoen pisua zenbatekoa den adierazteko, trikimailu eraginkor bat hau da: zelulen kolonia erraldoi baten gisa irudikatzea gizakia. Irudikapen horretan, koloniako kide batzuk giza zelulak dira, honetan edo hartan espezializatutakoak, eta beste batzuk, asko, bakterioak; eta elkarrekin kooperatzen dute edo lehiatzen dira, giza gorputza den bilgarriaren barrenean. DNAri lotutako datu batek biribiltzen du irudia: sekuentziatutako giza genoma gorputzean dugun DNAren % 10 besterik ez da; gainerakoa, mikroorganismoena da.

Zenbaki honetako protagonistak mikroorganismo horietako batzuk dira, zehazki, gure hesteetan bizi diren bakterioak. Digestioari lotutako funtzio jakin batzuk betetzeko funtsezkoak direla esatea ez da gaurgero berria. Eta gaixotasun jakin batzuen erantzule-partaide izan daitezkeela ere ez. Baina azken urteotan egin diren ikerketek aditzera eman dute askoz ere funtzio gehiago dituztela, eta aldaketa sakona eragin dute hesteetako bakterioekiko dugun ikuspegian.

Ikerketek erakutsi dute metabolismoan ez ezik beste alderdi askotan ere parte hartzen dutela, hala nola immunologian, eta baita neurologian ere. Hesteetako bakterioen eta gure gorputzaren arteko harremana hain da estua, organotzat hartzea gero eta zabalduago dagoen ikuspegia baita. Halakotzat ditu, besteak beste, EHUko immunogenetika-ikertzaile Jose Ramon Bilbaok.

Zenbaki honetako hamar orrialdetan zehar, ikuspegi-aldaketa horren testigantza jaso dugu, eta kontatu nola pasatu diren hesteetako bakterioak batzuetan "etsai" eta besteetan "beharrezko laguntzaile" izatetik "gutar" izatera; "organo" izatera. Testigantza osatzen duten argudio guztiak ez dira lehenengo irakurraldian digeritzeko errazak, eta batzuk poliki irakurtzekoak ere badira. Adibiderako, hesteetako bakterioetatik autismora joan daitekeen bidea ez da berehalakoan egiten. Gugan duten esku-hartzea horrainokoa izan daitekeela pentsatzeko arrazoiak, ordea, ez dira baztergarriak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila