Gizatasunaz

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Nor naiz? Nor gara? Zerk egiten gaitu pertsona? Galderaren formak bere horretan iraun du gizaki baten buruan sortu zenez geroztik, pertsona-multzo batek elkarri lehenengoz galdegin zionetik. Zenbaki honetarako prestatu dugun artikulu-sortaren sarreran esaten dugu: “Homo sapiens. Gizakia, pertsona. Bere buruari zerk egiten duen berezi galdetzen dion animalia bakarra”. Ezin dugu ziurtasunez baieztatu gure arbasorik zaharrenek ere jakin nahi zutela hori, baina milaka urtetan lagun izan dugu geure izaerari buruz jakiteko mina. Eta milaka urte horietan, garaian garaiko jakintzak, ezjakintasunak eta mitologiak moldatu dituzte erantzunak.

Arima, kontzientzia, barne-nia, adimena, hizkuntza, kultura, jainkoa... jarri ditugu gizatasunaren, giza izaeraren muinean; eta jartzen ditugu oraindik ere. Beste izaki guztietatik aparte gehienetan, gainerako bizidun guztien artean azkenaldian. Izan ere, galderaren formak bere horretan iraun duela esan dugu hasieran; baina, esanahia, aldiz, asko aldatu da. Gizakiaren apartekotasunaren azalpenak, frogak, oinarriak bilatu izan ditugu maiz “Zerk egiten gaitu pertsona?” galderaren erantzunetan, jainkotiarrak ez baginen, apartekoak izan behar genuelako sikiera.

Jakintza mitologiari gailendu zaion heinean, berriz, natura, bizia, unibertsoa, garuna eta genoma ezagutu ahala, bereizgarri bilakatu dira berezitasunak: arruntak asko, bakanak zenbait, geurea bakarrik den baten bat (beharbada). Asko —ia denak— ez ditugu sakon ezagutzen, baina, gaurgero, zalantzarik gabe dakigu gure izaera naturak emana dela, eta hautespen naturalaren ondorio direla jainkoa, kultura, hizkuntza, adimena, barne-nia, kontzientzia eta arima, eskuetako bost hatzak edo gibela bezala.

Hain zuzen ere, zientzia izan da —gizakion bereizgarri horietako bat— nor eta zer garen erakusten ari zaigun diziplina, eta, horixe da bidea. Jesús Mosterin filosofoaren hitzak hartuta, hura garatzetik etorriko da aseko gaituen azalpena, garunaren eta geneen funtzionamendua ulertzen dugunean. Milaka urteren ondoren, pertsona zerk egiten gaituen jakiteko tenorean gaude, azkenean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila