Ezagutuz aldatzea

Xabier Letek idatzitako kantaren bi hitz horiek bete-betean egiten dute bat Elhuyarren helburuarekin, eta taldearen ikurritz bihurtu dira. Ezagutuz aldatzen saiatzen direnen adibide ederra dira joan den hilean CAF-Elhuyar sarietako festan bildu ziren dibulgatzaile, ikertzaile eta sortzaile guztiak ere. Haiei, eta beren jakintza zientifikoa zabaltzeko ahalegina egiten duten ikertzaile guztiei, gure omenaldi txikia egiteko aprobetxatu nahi dugu. Argi dugu denon onerako dela zientzia plazara eramatea eta gizartean kultura zientifikoa garatzea. Bide horretatik lortuko dugu gizarte kritikoagoa, eta, hortaz, burujabeagoa.

Ezin ditugu CAF-Elhuyar sarietara aurkeztu diren lan guztiak argitaratu, baina bai dibulgazio- artikulu onenaren saria eta doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu onenaren saria jaso dituzten lanak. Biak dira, CAF-Elhuyar sarietan jasotzen diren lanen kalitatearen erakusle.

Ezin aipatu gabe utzi Merezimendu Saria jaso duen Kepa Altonaga biologo eta idazlea ere. Euskarazko zientzia-dibulgatzaile askoren maisu eta erreferentzia da, eta, 2013. urtetik, euskaltzain urgazle. Bere ibilbide profesionalean idatzitako liburu eta artikuluengatik eta euskararen arloan egindako ekarpen guztiengatik omendu dugu.

Aldizkariaren zenbaki honetan, elkarrizketa egin diogu beste komunikatzaile peto bati: Felix Zubia Zainketa Intentsiboetako Unitateko medikuari. Denok osasunaz eta gaixotasunez informatuta egotearen garrantziaz jabetuta, irratian horren inguruan jarduteko ardura pertsonala hartu du. Ospitalean, heriotzarekin aurrez aurre egiten du lan egunero, eta gaixoekiko eta haien familiekiko komunikazioa du giltzarri lanean. Hiltzear zeuden gaixo asko zaindu ditu, une horrek eskatzen duen sentiberatasunez eta barne-lasaitasunez. Ihes egin gabe. Xabier Lete bera zaindu zuen gaixo eta hiltzear zegoenean, eta bien arteko adiskidetasuna sortu zen une berezi horietan. Elkarrekin begiratu zioten heriotzari: “gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, borroka hortan iraungo duten zuhaitz-aldaxka gazteak…”

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila