Elhuyar efektua

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Sormena, elkarlana, dibulgazioa eta diziplinartekotasuna. Balio horien argitara abiatu ziren joan den urrian 2013ko CAF-Elhuyar sariak, "Elhuyar efektua" leloarekin. Euskarazko zientziaren dibulgaziora idazle berriak erakartzeko asmoz 1994ean sortutako sariketaren 20. urteurrena betetzear dela, beste urtemuga bat izan du gogoan 2013ko edizioak: nola, 1783ko irailean, wolframaren berri eman zuten Fausto eta Juan Jose Elhuyarrek Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen buletinean. Bergarako mintegian egin zuten aurkikuntza, beste batzuen artean, Xabier Munibe Peñafloridako kondearen bultzadapean sortu zen ikerketa-gunean.

Aurten, Bergarara hurbildu dira CAF-Elhuyar sariak, eta Errekalde Jauregian, Peñafloridako kondearen bizileku izandakoan, ospatu dute sari-banaketa, sortzaile haien ondarea aintzat hartu, eta etorkizunera begira jartzeko, elkarlanaren, dibulgazioaren eta diziplinartekotasunaren bidez.

Elhuyar aldizkaria ere gehitu zaio Elhuyar efektuari, eta zenbaki honetan argitaratu ditugu dibulgazio-artikuluen kategoriako bi lan sarituak: dibulgazio-artikulu orokor onena, eta egilearen tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu onena.

Eta Elhuyar aldizkaria bezala, beste asko ere gehitu zaizkio. Esaterako, Bergarako Udala, Errekalde jauregian bertan irekiko duen Laboratorium zientzia-museoarekin. Izan ere, "Elhuyar efektua" ez da Elhuyarren jabetzakoa, eta ez da mugatzen CAF-Elhuyar sarien 2013ko ediziora.

Joan den irailetik hona kultura zientifikoa euskaraz hedatzeko sarean izan den mugimendua sormena, elkarlana, dibulgazioa eta diziplinartekotasuna da. Jon Mattin Matxain kimikariak sortu zuen Twitterren #KulturaZientifikoa ekimena, ondoren jaialdi birtual bihurtu dena. Hiru hilabetean 120 ekarpen izan ditu jaialdiak, eta agerian utzi du kultura zientifikoa euskaraz bizitzeko eta hedatzeko komunitate osasuntsua dugula sarean.

CAF-Elhuyar sariekin saritutako lanetara iritsi aurretik aurkituko duzue Matxainek berak idatzitako balorazio-artikulua. Eta CAF-Elhuyar sariek 2014ko edizioa izango duten bezala, Kultura Zientifikoa jaialdiak ere izango du bigarren edizio bat. Elhuyarren Zientzia.net webguneak hartu du jada testigua. Ospatzeko arrazoiak ez ditugu falta.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila