Altamira. Hain zahar, hain eder

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

altamira-hain-zahar-hain-eder
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Haitzuloan sartu ziren aita-alabak. Zortzi urte zituen Mariak, eta pozarren zihoan aitari historiaurreko aztarnak bilatzen laguntzera. Aurreko urtean, aita txundituta gelditu zen 1978ko Parisko Erakusketa Unibertsalean ikusi zituen harrizko eta hezurrezko objektu haiekin; historiaurreko gizakienak omen ziren. Eta pentsatu zuen, agian, bere eskualdean halakoak aurki zitzakeela; adibidez, urte pare bat lehenago aurkitu zuten Santillana del Marreko haitzulo hartan. Lurrean aztarrika hasi zen aztarnen bila. Bitartean, Maria haitzuloan barneratu zen, kriseilua eskuan, eta, halako batean: “Aita, begira, idiak!”.

Alabarengana hurbildu zen Marcelino Sanz de Sautuola. Kriseiluaz sabaia argitzen ari zen hura. Begiak gero eta zabalago zituen aitak. Sabaia irudiz beterik zegoen, margo gorriz eta beltzez egindako animalien irudi ikusgarriz beterik. Ez zuen inoiz halakorik ikusi.

Sanz de Sautuolak ongi aztertu zituen irudi haiek, baita ondoren haitzuloan aurkitutako gainerakoak ere. Indusketak ere emaitza oparoak eman zituen: maskorrak, animalien hezurrak eta hezurrezko eta harrizko tresnak agertu ziren. Eta inguruko beste haitzulo batean ere, Revilla de Camargon, tresna eta maskor ugari topatu zituen. Hurrengo urtean, 1880an, argitaratu zuen “Santander probintziako objektu prehistoriko batzuei buruzko ohar laburrak” lanean jaso zituen aurkikuntza haiek guztiak.

Alabak ikusitako idiak bisonteak zirela ondorioztatu zuen, Buffon Kondea aipatuz; haren lanen arabera, Europan ohikoak baitziren garai batean. Argi zuen irudi haiek prehistorikoak zirela. Animalia haiek ezagutu zituen norbaitek eginak izan behar zuten. Honela arrazoitu zuen: “hainbat aurkikuntzak argi utzi dute gizonak, haitzuloak beste bizilekurik ez zuenean, bazekiela adarretan eta elefante-haginetan bere irudia nahiz animaliena irudikatzen (...) Beraz, ez dago inolako motiborik ukatzeko pintura hauek ere haiek bezain zaharrak direnik”. Gainera, zoruan aurkitutako objektuen artean okre gorri zatiak ere aurkitu zituen. “Aurreko guztitik ondorioztatzen da, nahikoa funtsez, aipatutako bi haitzuloak, zalantzarik gabe, paleolitiko izena eman zaion garaikoak direla”.

Beste batzuek, ordea, ez zuten hain argi ikusiko. Halaxe ohartarazi zion Juan Vilanova de Piera Geologia eta Paleontologian katedradunak, aurkikuntzaren berri izan zuenean: “Nire eta neure ospearen babes osoa duzu, seguruenik jasoko dituzun eraso guztiei aurre egiteko. Ni zurekin nago, eta beti egongo naiz, sinesten dizudalako, eta gauza miragarri hau ikusita konbentzituta gelditu naizelako”. Historiaurrean Espainiako aditu entzutetsuena zen Vilanova, kreazionista eta antidarwinista sutsua. Haren ideien arabera, ez zen arraroa gizakia arterako gaitasunarekin sortu izana.

Baina Europako aditu ospetsuenak, Gabriel Mortillet eta Émile Cartailhac frantsesak kasu, Darwinen ideien aldekoak ziren, eboluzionistak. Haien ustez, Paleolitoko gizaki primitiboak gorilen gisako basatiak ziren, eta pentsaezina zen halako pinturak egiteko gai izatea. Izan ere, Sanz de Sautuolak berak argi utzi zuenez, benetako artelanak ziren: “Nabari da egileak praktika bazuela, ikusten baita zalantzarik egiten ez zuen esku irmo batek eginak direla, arrasto bakoitza kolpe bakarrean eta garbi” idatzi zuen. “Aipagarria da irudietako asko sabaiaren erliebea aprobetxatzeko moduan kokatuak daudela (...). Horrek erakusten du egileari ez zitzaiola sen artistikorik falta”.

Albistea jakin orduko, Mortilletek Cartailhaci idatzi zion, haitzulo hartara ez joateko ohartaraziz: “Ez zaitez fidatu, lagun, jesuitek aurrehistorialarioi jarri diguten tranpa bat da, gero gutaz barre egiteko”.

1880ko irailean Lisboan egin zen Antropologia eta Arkeologia Prehistorikoko Nazioarteko Kongresura joan ziren Vilanova eta Sanz de Sautuola. Vilanovak aurkeztu zuen aurkikuntza. Baina erabat arbuiatuak izan ziren. Cartailhacek aretotik alde egin zuen, eta gelditu zirenek “iruzurti” eta “faltsutzaile” egin zieten iseka.

Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Sanz de Sautuolak ez zuen etsi, eta Cartailhac gonbidatu zuen haitzuloa aztertzera. Cartailhacek, orduan, Édouard Harlé kolaboratzailea bidali zuen. Hark ondorio garbia atera zuen: aztarnategia paleolitikoa zen arren, pinturak modernoak ziren.

Antzeko ondorioak atera zituzten Espainian ere. Madrilgo ILE Heziketa Libreko Erakunde prestigiotsuko kideek egindako txosten batek argi utzi zuen pintura haiek prehistorikoak izatea eboluzioaren ideiekin bateraezina zela, eta iradoki zuten Kantabriako gerretan haitzuloan babes hartu zuten erromatarrek eginak izan zitezkeela.

Historia Naturaleko Espainiako Elkartean bi saio egin zituzten gaia eztabaidatzeko, eta, Vilanovak bere arrazoiak azaldu zituen arren, pinturak faltsuak zirela ondorioztatu zuten. “Aurrehistoriaz ez dakien arte modernoko erdipurdiko dizipulu baten obra da”, epaitu zuen Eugenio Lemusek. Eta honela esan zuen Ignacio Bolívarek: “Irudien perfekzioak eta proportzioek erakusten dute egileak perspektibaren ezagutza zuela, eta lerro handiak menderatzen zituela; eta bi gauza horiek ezin zaizkio egotzi gizon basati bati”.

Gainera, Paul Ratier pintore frantses mutuak egin zituen zurrumurrua zabaldu zen. Izatez, haitzuloko pinturen kopiak egiten aritu zen Ratier, Sanz de Sautuolak eskatuta.

Gauzak horrela hil zen Sanz de Sautuola, 1888an. Baita Vilanova ere, bost urte beranduago.

1902an, Maria alabak ezusteko bisita jaso zuen: Cartailhac. Burumakur zetorren, barkamena eskatzera. Argitaratu berri zuen “Pinturak dituzten harpeak, Altamirako haitzuloa. Eszeptiko baten mea culpa” artikulua. Izan ere, 1895etik aurrera Frantziako hainbat haitzulotan ere pinturak aurkitzen hasi ziren.

Henri Breuilerekin batera, Cartailhacek sakon aztertu zituen Altamirako pinturak. Honela idatzi zion bere lagun Gustave Chauveti: “Lagun maitea, aita Breuilek eta biok zu hemen egotea nahi genuke, Altamirako haitzuloan. Pinturak dituzten haitzulo guztien artean ederrena da, bitxiena, interesgarriena, (...) historiaurreko bisonte, zaldi, orein eta basurde horiek, denak hain harrigarriak (...) Mundu berri batean bizi gara”.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.