Urruneneko zulo beltza detektatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

urruneneko-zulo-beltza-detektatu-dute
Urrunenen detekatutako quasarraren irudikapen artistikoa. Arg. Robin Dienel/Carnegie Zientzia Erakundea

Orain arte urrunenen aurkitutako zulo beltz baten berri eman dute Carnegie Institutuko astronomoek, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu baten bidez. Azaldu dutenez Eguzkiak baino 800 milioi masa handiagoa duen quasar bat da, eta Unibertsoak 690 milioi urte zituenean sortu zen, hau da, gaur egun duen adinaren % 5 baino ez zuen garaian. Horrenbestez, Unibertsoaren bilakaeraren lehen uneak nolakoak izan ziren aztertzeko aukera ematen du quasar horrek.

Hain zuzen, hipotesi onartuenaren arabera, sorreran partikulen "zopa bero bat" zen Unibertsoa. Inflazioa deitutako prozesu baten bidez, izugarri hedatu zen, eta 400.000 urte zituela partikulak hoztu egin ziren, eta hidrogeno neutroa sortu zen. Garai hartan, Unibertsoa erabat iluna zen, ez zegoen argirik. Gero, ordea, antzinako galaxiek askatutako energiak hidrogenoa ionizatzea eragin zuen; horren ondorioz, fotoiek espazioan bidaiatzen hasi ziren. Geroztik, Unibertsoa gardena da argiarentzat. Bada, orain aurkitu duten quasarraren inguruko hidrogenoaren gehiena neutroa da. Hori bat dator Unibertsoaren bilakaeraren hipotesiarekin.

ULAS J1342+0928 deitu diote, eta gorriranzko lerrakuntzaren bidez jakin dute zer distantziatara dagoen. Hala baieztatu dute urrunen detektatutako quasarra dela, eta gugandik argiarena baino 7,54 aldiz abiadura handiagoan urruntzen ari dela ere zehaztu dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila