Talentua erakartzeko, Talent House

Talentua erakartzeko, Talent House
2011/03/01 | Elhuyar
Donostian kanpoko ikertzaileentzat eraikitako Talent House egoitza. Arg.: Donostiako Sustapena.

Martxoan inauguratuko dute Donostian kanpoko ikertzaileentzat eraikitako egoitza

Martxoaren 7an inauguratuko dute Talent House egoitza, Donostiako Aiete auzoan, Kontxako badia aurrez aurre duela, goi-mailako ikertzaileentzat egindako eraikina. Donostiako Sustapenak jarri du martxan ekimena, Donostia ikertzaileentzat erakargarri bihurtzeko. "Goi-mailako ikertzaileak Donostiako ikerketa-zentroetara erakartzeko helburuaren zati bat da Talent House", azaldu du Donostiako Sustapeneko gerente Euken Sesek.

Egoitza hutsa baino gehiago, ikertzaileei harrera osoa eskainiko diete Talent Housen. Ikertzaileek bakarrik edo beren bikote eta seme-alabekin etortzeko aukera izango dute. Horrenbestez, ikertzaileen bikoteei lana bilatzen lagunduko diete, seme-alabei hezkuntza-sisteman sartzen, hiriko erroldan izena ematen, edo "baita donostiarrentzat hutsalak izan daitezkeen hainbat kontutan ere, hala nola garraio-bonua ateratzen", dio Sesek.

Kanpotik datozen ikertzaileentzat egoitzak aurkitzeko zailtasunak izaten dituztela adierazi zioten Donostiako udalari ikerketa-zentroek. Eta behar hori handituz joan da azkeneko hamarkadan, nabarmen egin baitu gora Donostian I+G+B ekintzetan diharduen zentro-kopuruak. Honela azaldu du Sesek: "Gogoan dut horrelako ekimenen bat sortu beharra zegoela aipatu zuen lehenengo pertsona Pedro Miguel Etxenike izan zela, DIPCri lotuta". 2000. urtean izan zen hori. "Orduan dozena erdi zentro baino gutxiago zeuden Donostian. Orain, berriz, 24 ikerketa-zentro eta -sail inguru daude, eta pertsona asko etorri dira hona ikerketak egitera".

Hasiera batean, 80 ikertzailerentzako lekua izango du Talent Housek. 80 apartamentu egongo dira; batzuk lagun bakarra bizitzeko, beste batzuk familia osoak biltzeko eta abar. Oro har, Donostiaz kanpoko ikertzaileei eskainiko zaie egoitza; hau da, "egunean egin beharko lituzketen joan-etorriak kontuan hartuta, Donostian bertan bizitzea komeni zaien haiei. EAEkoak izan daitezke, baita Espainiakoak ere, baina, nire ustez, bereziki ikertzaile atzerritarrengan dago pentsatuta Talent House", argitu du Sesek. Dagoeneko hogeita hamar eskaera jaso ditugu ikerketa-zentroetatik", aipatu du Sustapeneko gerenteak.

Bestalde, askotariko alorretan ikertzen diharduten ikertzaileak bilduko dituela aprobetxatuz, ezagutza gizarteratzeko baliatuko dute Talent House. Hainbat formatutako dibulgazio- eta trebakuntza-ekintzak egitea aurreikusi dute, ikerketa-zentro, unibertsitate, enpresa eta bestelako erakundeekin eta egoitzako ikertzaileekin egiteko.

1
273
2011
3
001
Ikerketa-zentroak; Unibertsitateak
Albisteak
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila