Saguen obulu bideragarriak sortu dituzte laborategian

Obulu horietatik ondorengo osasuntsuak eta ugalkorrak atera dira

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

saguen-obulu-bideragarriak-sortu-dituzte-laborateg
Saguen zelula ama enbrionarioetatik laborategian sortutako obuluak Arg. O. Hikabe et. al., Nature 538, 7625 (20 October 2016) © MacMillian Publisher Ltd.

Azaleko zeluletatik abiatuta obuluak laborategian sortzea lortu dute ikertzaile japoniar batzuek. Prozesu osoa laborategian egitea lortzen den lehenengo aldia da. Eta obulu horietatik ondorengo osasuntsuak atera dira. Nature aldizkarian argitaratu dute lana.

Kyushu Unibertsitateko Katsuhiko Hayashi-k gidatutako taldeak urteak daramatza ildo horretan lanean. 2012an argitaratu zuten lan batean erakutsi zuten obulu bideragarriak lortu zituztela, bai zelula ama enbrionarioetatik, eta bai azaleko zelulak birprogramatuz sortutako zelula ametatik abiatuta. Bi bide horietatik zelula germinal primordialak lortu zituzten, alegia, garatuz gero espermatozoide edo obulu bilakatuko diren zelulak. Kasu hartan, zelula horiek obulu bilakatzeko, saguen obarioetan sartu zituzten.

Orain azken pauso hori ere laborategian egitea lortu dute. Horretarako, zelula germinal primordialak obarioetan sartu beharrean sagu-fetuen obarioetatik erauzitako zelulen artean jarri dituzte laborategian. Laborategiko “obario” horietako bakoitzean 50 bat obulu garatzea lortu dute. Sortutako obuluen %75 inguruk zuten kromosoma-kopuru normala. Eta horietako batzuk espermarekin nahastuta 300 enbrioi sortu zituzten. Horiek sagu emeei sartu zizkieten, eta 11 kume atera ziren. Beraz, enbrioien % 3k egin zuen aurrera. Saguei zuzenean obuluak aterata in vitro ernalketa egitean, % 60 ingurukoa izan ohi da arrakasta.

Jaiotako kumeak osasuntsuak dira, eta ugalkorrak; izan ere, ikertzaileek adierazi dute dagoeneko ondorengoak ere izan dituztela. Ikertzaileen hurrengo helburua da sagu-fetuen obarioetako zelulak erauzi behar ez izatea. Horretarako, zelula horiek ordezkatuko lituzkeen erreaktibo bat lortu nahian ari dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila