Saguen bizitza luzatzea lortu dute gene-terapia bidez

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

saguen-bizitza-luzatzea-lortu-dute-gene-terapia-bi
Kromosomen muturretan daude telomeroak. Zeluen zatiketak gertatu ahala laburtu egiten dira, eta horrek zelulen zahartzea eragiten du. Hori gertatzea eragozten du telomerasa entzimak. - Arg. Claus Azzalin, ISREC

Gene-terapia bidez saguen bizitza luzatzea lortu dute Madrileko Centro Nacional de Investigaciones Oncológicas-eko (CNIO) ikertzaileek. Urtebeteko sagu helduei eta bi urteko zaharrei telomerasa entzimaren genea sartuta saguen bizitza % 24 eta % 13 luzatu zen, hurrenez hurren; eta saguen osasuna hobetu egin zen, zahartzearekin lotutako gaixotasunen agerpena atzeratu egin baitzen. EMBO Molecular Medicine aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Telomerasak kromosomen muturretan dauden telomero izeneko egiturak sortu, konpondu eta babesten ditu. Eta telomeroek, aldi berean, kromosomak degradatzetik babesten dituzte. Baina zelulen zatiketa bakoitzean telomeroak laburtu egiten dira, azkenean, hainbat zatiketaren ondoren, beren funtzioa ongi betetzeko gehiegi laburtzen diren arte. Ondorioz, DNAn kalteak pilatzen hasten dira, eta zelulak zahartu eta hil egiten dira. Telomerasak saihestu egiten du hori, baina telomerasaren genea ez da aktibo egoten jaiotzaren ondoren.

Hala, saiakerak egin dira telomerasaren espresioa sustatuz gaztetze-terapiak garatzeko. Baina, eragozpen handi batekin egin izan dute topo halakoek: tumoreak sortzeko arriskuarekin. Hain zuzen ere, telomerasaren jarduerak zerikusi handia du minbizi-zelulen hilezkortasunarekin. Kasu honetan, ordea, saguek ez dute minbizirik izan. Terapia sagu helduetan aplikatu izanari egozten diote hori ikertzaileek, eta, ondorioz, zelulen zatiketetan akatsak pilatzeko denborarik ez izateari. Izan ere, orain arte egin diren saioetan enbrioi-fasean eraldatu izan dira geneak.

Epe laburrean gizakietan zahartzaroari aurre egiteko erabiltzerik aurreikusten ez duten arren, ikertzaileek adierazi dute telomero laburregiak izatearekin lotutako gaixotasunak tratatzeko bide bat izan daitekeela. Bestalde, “zahartzaroa gaur egun ez da gaixotasuntzat hartzen, baina ikertzaileok gero eta joera handiagoa dugu hainbat gaixotasunen kausatzat hartzeko —dio Maria A. Blasco ikertzaile-taldearen buruak—. Zelulen zahartzaroa tratatuko bagenu, gaixotasun horiei aurrea hartuko genieke”.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila