Paleolitoko zaldi baten eta ahuntz baten irudiak topatu dituzte Zestoako Astuigaña haitzuloan

paleolitoko-zaldi-baten-eta-ahuntz-baten-irudiak-t
Arg. Gipuzkoako Foru Aldundia

Ekain eta Altxerriko labarretako arte-multzo klasikoari gero eta aurkikuntza gehiago gehitzen ari zaizkie. Horren lekuko, Gipuzkoako Foru Aldundiak erakutsi dituen Zestoako Astuigaña haitzuloko irudi berriak. 

Antxieta Jakintza Taldeak aurkitu zituen zaldiaren eta ahuntzaren irudiak, haitzuloaren pasabide estu batean, antza. Marra batzuk ere aurkitu dituzte, baina oraingoz ezin izan dute jakin zer irudikatzen duten. Denak grabaturiko marrazkiak dira, horman zuzenean harri batez grabaturikoak.

EHUko Historiaurrearen Ikerketarako Taldeak aztertu ditu artelanok, eta duela 13.000-12.000 urtekoak direla adierazi dute. Alegia, Madeleine aldikoak, Goi Paleolitoko hirugarren eta azken kulturakoak.

Madeleine aldia arte-sorkuntzan oso emankorra izan zen. Garai hartakoak dira Ekain, Altxerri eta Aitzbitarte V-eko irudiak ere, eta denek errealitatea modu naturalistan irudikatzeko ahalmena adierazten dute.

Euskal Herria pasabide naturala eratzen duen lurraldea izan zen Goi Paleolitoan bizi izan ziren taldeentzako (orain dela 43.000 eta 12.000 urteen artean), eta populazio-dentsitate handia ekarri zuen. Hori guztia, Paleolitoko labarretako artea duen haitzulo multzo handian islatu da. Aurkikuntza honekin, 11 dira jada paleolitoko artea gordetzen duten haitzuloak Gipuzkoan. Hala, egun Euskal Herria sinbolismo eta arte jardueraren hasieraren ebidentzia gehien biltzen duten lurraldeetako bat dela esan dezakegu.

Oraingoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak haitzuloa itxi egin du eta Eusko Jaurlaritzak babes gorena eman beharko dio, labarretako artearen adierazle izateagatik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila