Opioideek espermatozoideen eraketa erregulatzen dute

opioideek-espermatozoideen-eraketa-erregulatzen-du
Arg. Wikipedia

EHUko ikerketa batek opioideen errezeptoreak espermatogenesian inplikatuta daudela argitu du. Nerea Subiran eta haren ikerketa-taldeak lehenengo aldiz deskribatu ditu errezeptoreok espermatozoideen sorreran parte hartzen duten zeluletan. Plos One aldizkarian argitaratu dute lana.

Errezeptore opioideek zelulen komunikazio-sisteman parte hartu ohi dute, eta ikerketa berri honek agerian utzi du espermatozoideen eraketa-prozesuan badutela zeresana. Zehazki, espermatogenesian zehar informazio genetikoa modu egokian banatzeaz arduratzen den makineriaren eraketa erregulatzen dute opioideen errezeptoreek.

Munduko Osasun Erakundearen arabera, azken hamar urteotan ugalkortasun-arazoak esponentzialki handitu dira herrialde garatuetan. Dagoeneko, jaiotzen diren haurren % 3 lagundutako ugalketa-tekniken bidez sortutakoak dira. Arazo sozial eta mediko handia bilakatu dira ugalkortasun-arazoak, eta kasu asko, gizonen ernalezintasunaren ondorio dira. Jakina da espermatogenesian gertatzen diren akatsek espermatozoide eskasak eta ez-funtzionalak sorrarazten dituztela, baina prozesu horretan inplikatuta dauden mekanismo molekularrak ikertzen hasi berriak dira oraindik zientzialariak, ugal-osasunerako oso garrantzitsuak badira ere.

“Gurea animaliekin eginiko oinarrizko zientziako ikerketa bada ere, ikerketa hauei esker gizonen emankortasuna kontrolatzen duten mekanismo molekularren inguruko informazioa jasotzen ari gara. Ernalezintasun kasu askoren arrazoiak hobeto ulertzen eta bere aurkako dianak eta estrategia terapeutikoak garatzeko aukera berriak irekitzen lagundu dute", adierazi du Subiran ikertzaileak. 

Nerea Subiran eta haren ikerketa-taldea Arg. EHU

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila