Obuluaren itsasgarri gozoa identifikatu dute

Espermatozoideak gozotasuna behar du obulura sartzeko; hain zuzen ere, barneratu aurretik, obuluari itsasten zaio, eta, horretarako, ezinbestekoak ditu geruza peluzidoan dauden karbohidrato batzuk. Orain, Missouri Unibertsitateko ikertzaileek karbohidrato horiek identifikatu dituzte, eta Science aldizkarian argitaratu dute haien lana.

Ikertzaileek ugalketa-tratamenduetan baztertutako berrehun obulu aztertu dituzte masa-espektrometriaz, eta, artikuluan, geruza peluzidoaren karbohidrato jakin baten garrantzia nabarmendu dute. Sialyl lewis X du izena, eta gainerako zeluletan baino askoz ere ugariagoa da obuluan; hain zuzen, guztiz estaltzen du obuluaren azala.

In vitro egindako esperimentuetan frogatu dute karbohidrato hori ezinbestekoa dela espermatozoidea obuluari itsasteko. Gainera, uste dute beste funtzio bat ere izan dezakeela: ernaldutako obulua amaren immunologia-sistematik babestea.

Hala ere, espermatozoidearen eta obuluaren artean bestelako elkarrekintza bat ere egon behar duela iruditzen zaie ikertzaileei; proteinen artekoa, ziur aski. Horrenbestez, ikertzen jarraitzeko asmoa dute, ugalketa-tratamenduen emaitzak hobetzeko baliagarria izango delakoan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila