Neutrinoen itxuraldaketa ikertzen

Zientzialariek 50 urte daramate galdera honen erantzuna zein den jakin nahian: neutrino bat bihur daiteke beste mota batekoa? Adibidez, elektroi-neutrino bat bihur daiteke tau-neutrino ala muoi-neutrino?

Hori jakitea garrantzitsua da elektroi-neutrinoak Eguzkiko erreakzioetan sortzen direlako; handik zenbat iristen diren ikusita, Eguzkiaren bihotza hobeto ezagutzeko aukera izango lukete zientzialariek. Baina neutrinoak detektatzea oso zaila da, ez baitute materiarekin elkarrekintzarik izaten. Hala ere, neutrinoak detektatzea lortu dute; baina teoriaren arabera heldu beharko liratekeen baino askoz gutxiago detektatu dituzte. Non daude falta diren elektroi-neutrinoak?

Zientzialariek uste dute elektroi-neutrinoak agian beste neutrino-mota bat bihurtzen direla. Hori frogatzeko, MINOS proiektua jarri dute martxan. Bi detektagailu erraldoi erabiliko dituzte, bata AEBetako Illinoisko Fermilaben eta bestea Minnesotan. Fermilaben neutrinoak sortuko dituzte, eta hango detektagailuan neurtuko dituzte. Gero, Minnesotakoan detektatuko dituzte berriro. Horrela ikusiko dute ea bidean neutrinoak itxuraldatzen diren ala ez.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila