Marte, planeta lehorra

Martek ez omen du inoiz ur askorik izan. Hori eman dute aditzera planeta gorriaren azalean egindako azken ikerketaren emaitzek. Eta horrek kolokan jarri ditu, nola ez, Marten inoiz bizia sortzeko kondizio egokiak izan direla proposatzen dutenen argumentuak.

(Argazkia: NASA).

Planeta gorrian zenbat ur egon den jakiteko, azaleko mineralen presentzia neurtu dute. Igorpen termikoen espektrometroaz egin dute, eta ikusi dute planeta hezeetan izaten den baino karbonato-kantitate txikiagoa azaltzen dela. Izan ere, gure planetan urak atmosferako CO2-arekin erreakzionatu eta azido karbonikoa sortzen du, gerora itsasoan karbonato modura prezipitatzen dena, alegia. Beraz, garai batean Marte hezea izan bazen, Marteko hautsaren % 20 karbonatoz osatuta egongo zela kalkulatu dute geokimikariek. Ikerketa berri honetan, ordea, % 2-3 besterik ez dute aurkitu.

Bestalde, ur likidoak berehala desegingo lituzkeen mineralak ere aurkitu dituzte planetaren azalean. Hortaz, emaitza batek baino gehiagok nabarmentzen du urak Marten ez dituela eragin Lurrean eragin dituen eraldaketa kimikoak. Horretan oinarrituta, Marte uste baino lehorragoa eta hotzagoa izan dela adierazi dute ikertzaileek berriki, eta, seguruenik, inoiz ez dela ozeanorik izan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila