Lozorrotik atera eta seinalea bidali du Philaek, 67P kometaren gainazaletik

Azarotik zegoen “lo”, bateriak agortuta

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

lozorrotik-atera-eta-seinalea-bidali-du-philaek-67
Philae, 67P kometaren gainazalean. Lur hartu eta gutxira bildaitako argazkietako bat. Arg. ESA/Rosetta/Philae/CIVA

Larunbat gauean iritsi zen seinalea, ESAk Darmsdaten duen operazio-zentrora: 85 segundo iraun zuen transmisioak eta 300 datu-multzo igorri zituen Philaek, Rosetta orbitagailuaren bidez. Joan den azaroaren 15etik bidali duen lehen seinalea da.

ESAk igande eguerdian zabaldu zuen berria, eta poza berehala zabaldu zen sare sozialetan. Ordu gutxian 29.000 bertxiotik gora izan ditu Philaeren Twitterreko kontuak botatako lehen txioak: “Kaixo, Lurra! Entzuten nauzue?”.

Philae, esnatzeko unean. ESAren komunikazio-sailak pertsonaia bilakatu ditu Philae eta Rosetta, eta marrazki bizidunen bidez ere hari da zabaltzen haien lana. Arg. ESA

Misioaren arduradunak zain zeuden, 67P kometa Eguzkira hurbildu ahala, Philaeren eguzki-panelek argitasun gehiago jaso eta ibilgailua “esnatuko” ote zen, eta hala izan da azkenean. Gainera, jasotako datuak analizatu ondoren, ikertzaileek ondorioztatu dute “lehenago ere esnatu dela, nahiz eta ez duen izan seinalean bidaltzeko aukerarik”. Izan ere, 19 watteko gutxieneko energia behar du komunikatu ahal izateko, eta -45 ºC baino tenperatura epelagoak, ordenagailua abiarazteko. Une hauetan, “-35 ºC-an ari da lanean, eta 24 watt ditu eskuragarri”, adierazi du Philaeren proiektu-arduradun Stephan Ulamec-ek. “Lanerako prest dago”, gaineratu du.

Urratsak, banaka eta tentuz

Lehenengo zeregina Philaeren eta Rosettaren arteko kontaktua egonkortzea izango da, eta, horretarako, Rosettaren posizioa eta orientazioa egokituko dituzte. Ondoren, Philaeren egoera eta egunerokoa aztertuko dute —zer tenperatura gorabehera izaten duen eta zer energia-ziklo— eta, horren arabera, ikerketa-lan jakinak egiteko agindu berriak kargatuko dizkiote. Azken hilabeteetan 2-3 ordutan egiteko moduko lanak diseinatu dituzte harentzat ESAko ingeniariek —Philaeren bateriak kargatzeko beharrik ez duten neurketak— eta instrumentuak pausoz pauso pizteko plan bat, energia gutxien behar dutenetik, gehien behar dutenera.

Pozik eta lanean hasteko gogotsu agertu diren arren misioaren arduradunak, ezin da ahaztu Philae posizio ezegonkor samarrean dagoela kometaren azalean, eta zehazki non dagoen ere ez dakitela oraindik. Duela egun batzuk balizko toki baten berri eman zuen ESAk, baina oraindik ez dute baieztatu hala denik.

Datozen egunetan seinale eta datu gehiago jasoko dituztela espero dute ESAkoek. Izan ere, esnatu den gainerako aldietan bildutako beste 8.000 datu-multzo ditu memorian. Halaber,  Rosettaren eta Philaeren arteko kontaktua egonkortuta, ibilgailuaren posizioa zehaztu ahalko dutela uste dute.

Bitartean, 67P/Churymov-Gerasimenko kometak Eguzkirantz hurbiltzen segitzen du: abuztuaren 13an egongo da gertuen, eta, ordura arte, Philaek geroz eta argi gehiago jaso beharko luke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila