Leuzemia baten aurkako gene-terapia bat merkaturatzeko baimena eman dute Estatu Batuetan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

leuzemia-baten-aurkako-gene-terapia-bat-merkaturat
Lehen aldiz, gene-terapia bat baimendu da Estatu Batuetan. Arg. Artxibokoa

Lehen aldiz, gene-terapia bat merkaturatzeko baimena eman du Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Sailak (FDA). Novartis farmazia-konpainiak merkaturatuko du, Kymriah izenarekin, eta B zelulen leuzemia linfoblastiko akutua duten haur eta gazteei zuzenduta dago.

Kymriah immunoterapia pertsonalizatua da, alegia, paziente bakoitzari egokituta dago. Pazientearen T zelulak hartu, eta genetikoki eraldatzen dira. Zehazki, gene bat sartzen zaie, T zelula horiek leuzemia-zelulen CD19 antigenoari lotzeko gai izan daitezen. Gero, genetikoki eraldatutako T zelula horiek pazienteari injektatzen zaizkio, eta leuzemia-zelulak suntsitzen dituzte.

Albo-ondorioak larriak izan daitezkeela ohartarazi dute, beraz, ondorio horiek nola apaldu ikertzen ari dira orain. Gainera, ez da gaitz hori dutenen lehen aukera; bakarrik ematen zaie hasierako tratamenduak on egin ez dien pazienteei (pazienteen % 15-20). Edonola ere, FDAren erabakiak ateak ireki dizkie beste gaitz batzuentzako antzeko tratamenduak garatzen ari direnei, eta itxaropena eman die gaitz horiek dituzten pazienteei.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.