Lehenengo aldiz, 13 eguneko giza enbrioiak lortu dituzte laborategian

lehenengo-aldiz-13-eguneko-giza-enbrioiak-garatu-d
10 eta 11 eguneko enbrioiak, ezker-eskuin. Arg. Zernick-Goetz laborategia, Cambrigdeko Unibertsitatea

Legearen muga muturreraino eramanda, zientzialariek giza enbrioiak 13 egunez hazi dituzte laborategian, Nature eta Nature Cell Biology aldizkariek argitaratu berri dutenaren arabera. Orain arte, amarengandik kanpo 7 egunez bakarrik garatzea lortu izan da, eta orduan amaren umetokian ezarri behar izaten zen, derrigor, enbrioiak aurrera egin zezan eta gara zedin.

Enbrioiak kultibatzeko metodo berri hau saguen enbrioiekin probatu dute aurrez, eta orain gizakien enbrioiak hazteko erabili ahal izateak aurrerapen handia ekarri du. Zientzialariek giza enbrioien garapenaren jarraipen zehatza egin ahal izan dute. Ia orduroko jarraipena egin diote, eta horrek enbrioien garapenean faserik ezezagun eta garrantzitsuenetako bati buruzko informazio ugari eman du: enbrioiak blastula-fasean nola garatzen eta berrantolatzen diren. 7 egunetik aurrera zelula guztiak berdin-berdinak izateari utzi eta diferentziatzen hasten dira. Gene batzuk ixiltarazi eta besteak espresatzearen ondorioz, zelula bakoitzak bere kokapenaren informazio zehatza izaten du jada. Ikertzaileen esanetan, laborategiko petri kutxa soil batean antolatu badira, autoantolatzeko izugarrizko gaitasuna dutela geratu da agerian, orain arte espero zena baino handiagoa.

Gainera, umetokiari nola lotzen zaizkion ere agerian geratu da. Izan ere, garapenaren 7. egunetik aurrera, giza enbrioiak amaren umetokiari lotzen hasten dira. Umetokiko hormari heldu eta amarengandik behar dituen elikagaiak eta oxigenoa lortzen dituzte horrela. Laborategian 13 egunez izan dituzten enbrioietan ere, substratu artifizial batean txertatzea lortu dute. Horrela, ikerketak agerian utzi du nola antolatzen diren zelulak txertatu ondorengo giza enbrioietan ere. Ikertzeko ezinezkoa zen prozesua ikusgai geratu da orain. 

Hain zuzen ere, txertatze hori da lagundutako ernalketan gakoa den prozesua, enbrioi askok ez baitute aurrera egiten ez direlako amaren umetokian lotzen. Zientzialarien esanetan, giza enbrioiak laborategian egun gutxi batzuk gehiago hazteko aukera izango balitz, informazio gehigarria lortuko litzateke. “Kultibo luzeagoak giza enbrioien garapenari buruzko informazio erabat kritikoa emango liguke” –adierazi du Magdalena Zernicka-Goetz Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileak–. “Baina horrek beste galdera bat ekarriko luke: non jarriko dugu hurrengo muga?”

Izan ere, legeak muga zorrotza du horretan: ezin dira enbrioiak 14 egunez baino gehiago garatu laborategian. Orain arte ikertzaileei teknikoki oso zaila egin zaie muga hori gainditzea, baina ikerketa berriek kolokan jarri dute muga. Argi utzi dute, hala ere, ikerketa bera berme etiko guztiekin egina dagoela. Legean inolako aldaketarik izan aurretik, horri buruzko eztabaida sakona egin beharko litzatekeela azpimarratu dute, eta eragin ditzakeen kezka etikoen kontziente izanik, zientzialariei, politikariei, herritarrei eta antzutasun-arazoak dituzten pazienteei hitza eman behar zaiela adierazi dute.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila