Katuari dion beldurra betiko galtzen du toxoplasmosiak jotako saguak

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

katuari-dion-beldurra-betirako-galtzen-du-toxoplas
Arg. Lxowle/CC-BY-SA

Toxoplasmosiak saguari zuzenean eragiten dion kalteaz gain, ondorio larri bat eragiten dio: katu-usainari berez dion ikara galtzen du sagu infektatuak. Are gehiago, gaixotasuna gainditu ondoren ere, antza, ez du berreskuratzen biziraupenerako beharrezkoa duen mekanismo hori. Horixe dio Californiako Unibertsitateko ikertzaile batzuek PLoS ONE aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batek.

Toxoplasma gondii parasitoak eragiten du toxoplasmosia. Patogeno zelulabakarra da, eta ugaztun- eta hegazti-espezie asko har ditzake ostalari gisa, baita gizakia ere; baina ugaldu, katuaren hesteetan bakarrik ugaltzen da. Hortaz, gainerako animaliak bigarren mailako ostalariak dira parasitoarentzat, eta, batez ere, garunean sortzen dituen kisteetan kokatzen da. Bizi-zikloa burutzeko, katu batek irentsi behar ditu kisteak. Testuinguru horretan, estrategia ebolutibo egokia da, parasitoarentzat, saguak katuari dion beldurra galaraztea, katuaren atzaparretan errazago eror dadin. Portaera-aldaketa hori parasitoak garunean sortzen dituen kisteek eragin zezaketela jotzen zen orain arte. Baina Californiako Unibertsitatekoek kisteak sortzen ez dituen birulentzia txikiko andui batekin egin dute ikerketa, eta ikusi dute hala ere katuaren usainari beldurra galtzen diotela saguek. Eta gaixotasuna gainditu eta parasitoak garunetik desagertzean ere, saguek ez dute beldurra berreskuratzen.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila