Schiaparelli modulua osorik ote dagoen ez dakiten arren, ESAkoek arrakastatsutzat jo dute ExoMars misioa

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

ischiaparellii-modulua-osorik-ote-dagoen-ez-dakite
Schiaparelli modulua, paraxuta irekita, Marteren azalerako bidean (irudi artistikoa). Arg. ESA/ATG medialab

Atzo egun garrantzitsua zen ExoMars misioarentzat. Misio horrek bi zati zituen: batetik, TGO satelitea Marteren orbitan kokatu behar zen, eta, bestetik, Schiaparelli moduluak "lur" hartu behar zuen Marten.

Maniobra konplexuak ziren biak, bereziki Schiaparellirena, abiadura oso handian hasiko baitzuen Marteren azalerako bidaia, eta gako zen abiadura modu kontrolatuan galtzea, osorik iristeko azalera. Bada, orain arte dituzten datuen arabera, ESAk ez du baieztatzerik izan osorik iritsi ote zen. Aitzitik, balaztatzean arazoak izan zirela onartu du prentsaurrekoan.

ESAren ingeniariek azaldu dutenez, bidaiaren lehen zatian dena aurreikusi bezala atera bazen ere, paraxuta ireki zenetik gauzak okertu ziren. Balaztatzeko motorrek segundu gutxi batzuetan baino ez zuten funtzionatu, eta, antza denez, ez ziren denak piztu. Horrenbestez, ez da ziurra azalera abiadura egokian iristeko aukerarik izan ote duen. Gainera, azala ukituko zuela kalkulatuta zuten unea baino 50 segundo lehenago seinalea igortzeari utzi zion Schiaparellik.

Ordura arte bidalitako datuak eta Marteren inguruan ESAk dituen antena guztiek jasotakoak aztertzen ari dira orain, eta datozen egunetan emango dute informazio horren berri. ESAkoek ziurtatu dutenez, Schiaparellirekin zer gertatu den argitzeko moduan izango dira, lehenago edo geroago.

Edonola ere, atzokoa arrakastatsutzat jo dute ESAkoek. Satelitea egoki kokatu zela nabarmentzeaz gain, Schiaparelli moduluarekin gertatutakoa 2020rako asmoetarako oso lagungarria izango dela adierazi dute. Hain zuzen, orduan ibilgailu bat jartzeko helburua du ESAk, eta orain probatutako sistemek nola funtzionatu duten jakitea oinarrizkoa izango da orduan egin beharko dituzten maniobrak doitzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia