Gizakien lehen arbasoak ez ziren Afrikan sortu, Europan baizik

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Duela 7,2 milioi urte Balkanetan bizi zen hominino baten fosilak aztertuta, ondorioztatu dute, batetik, eboluzioaren zuhaitzean uste zutena baino lehenago banatu zela gizakien adarra, eta, bestetik, banaketa hori ez zela Afrikan gertatu, Europan baizik.

gizakien-lehen-arbasoak-ez-ziren-afrikan-sortu-eur
Graecopithecus baten aurre hagina, Bulgarian topatutakoa. Arg. Wolfgang Gerber/Tübingen Unibertsitatea

Txinpantzeak dira gizakion ahaide gertukoenak. Bien adarra duela 5-7 milioi urte banatu zirela uste izan dute orain arte, eta horretan zerikusi handia izan zuela Afrikaren ekialdean gertatu zen klima-aldaketak. Hipotesi onartuaren arabera, basotik sabanara igarotzeak bultzatu zuen homininoen eboluzioa.

Alabaina, orain nazioarteko ikerketa-talde handi batek egindako azterketak zalantzan jarri ditu hipotesi horiek. PLOS ONE aldizkarian eman dute emaitzen berri, bi artikulutan. Lehen artikuluan, Graecopithecus freybergi homininoaren bi aztarnaren azterketa argitaratu dute: Grezian topatutako beheko masailezurraren zati bat eta Bulgarian topatutako goiko eta aurreko hagin bat. Tomografia konputerizatuaren bitartez, frogatu dute haginaren sustraiek elkartzera jotzen dutela eta partzialki fusionatuta daudela.

Ezaugarri hori homininoen berariazkotzat jotzen da; halakoxeak dira, adibidez, Ardipithecus eta Australopithecus generoetakoenak ere. Eta, orain arte, horrelako haginak zituzten fosil zaharrenak Afrikan aurkitu dira. Hauek, ordea, Europan topatu dira, eta are zaharragoak dira, gainera: 7,2 milioi urte inguru dutela kalkulatu dute

North Side Story

Beste artikuluan Graecopithecus freybergi hominino haiek bizi ziren garaiko klima eta ingurunearen berri ematen dute. Ikertzaileek arabera, eta topatu dituzten fitolitoetan oinarrituta, Afrikaren iparraldean basamortua sortzearekin batera, Europan sabana sortu zen.

Hipotesi horrek, gainera, bat egiten du topatu diren animalien fosilekin: gazelak, antilopeak, jirafak eta errinozeroak. Haien iritziz, ingurune horrek bultzatu zuen gizakien eta txinpantzeen arteko banaketa. Izena ere jarri diote hipotesiari: North Side Story (iparraldeko istorioa); hain zuzen, East Side Story deitzen diote gizakia Afrikako ekialdean sortu zela dioen hipotesiari.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.