Gaueko haizeak egunekoen desberdinak dira Artizarrean

gaueko-haizeak-egunekoen-desberdinak-dira-artizarr
Artizarreko goiko lainoen supererrotazioaren eskema. Artizarraren eguneko aldean (eskuinean, Akatsukik ateratako argazkia), supererrotazioa berdinagoa da, eta gaueko aldean (ezkerrean, Venus Express-ek ateratako argazkia) kaotikoagoa da eta ezin da aurreikusi. Arg. ESA-JAXA-UPV/EHU

Artizarreko gaueko aldeko haizeek eguneko aldekoenen portaera nabarmen ezberdina dute, EHUko ikertzaile batzuek beste hainbatekin batera Nature Astronomy aldizkarian argitaratu duten lan baten arabera. Aurreikusi ezin diren haizeak, uhin geldikorrak eta laino aldakorrak topatu dituzte.

1960ko hamarkadan, 360 kilometro orduko haize-boladak neurtu ziren Artizarraren eguneko aldean. Datu harrigarria izan zen hori, Lurrean eta Marten, esaterako, atmosferak planetaren antzeko abiaduran biratzen baitu. Artizarrean, berriz, askoz azkarrago mugitzen da atmosfera: Artizarrak 243 egun behar ditu bere ardatzari bira emateko, eta haren atmosferak lau egun baino ez ditu behar planetari buelta emateko. “Superrotazio” deitzen zaio atmosferaren errotazio azkar horri. “Artizarreko atmosferak ‘superrotazio’ hori izateko energia nondik ateratzen duen misterioa da oraindik ere”, azaldu du Japoniako Espazio Agentziako kide Javier Peraltak. “Arazoa da onartu genuela Artizarraren gauean egunean gertatzen den gauza bera gertatzen dela, eta oker geunden. Orain arte ez gara izan gai argi eta garbi ikusteko nolakoa zen planetaren gaueko aldean atmosferaren superrotazioa”, gehitu du Peraltak.

Artizarreko gaueko laino-moten adibideak. Venus Express-ek hartutako irudi termikoak eta NASAren Hawaiko IRTF teleskopioak ateratakoak. Ezkerretik eskuinera eta goitik behera: uhin geldikorrak (Venus Express), “red” ereduak (IRTF), filamentu misteriotsuak (Venus Express) eta jatorri dinamikoko ezegonkortasunak (Venus Express). Arg. ESA-NASA-JAXA-UPV/EHU

“Artizarreko lainorik altuenak 70 kilometroko altueran daude, eta bertan gertatzen da superrotaziorik indartsuena. Laino horiek gauez ikus daitezke, emisio termikoari esker, baina orain arteko misio espazialetan ez ziren haien xehetasunak lortu”, adierazi du Ricardo Hueso EHUko ikertzaileak. Orain, ESAren Venus Express misioak hartutako datuei eta irudiak prozesatzeko teknika berriei esker, ikusi dute gaueko lainoak eta haien mugimenduak egunekoen desberdinak direla.

“Superrotazioa gauean zehar ere gertatzen da, baina mugimendu-aniztasun zabalagoa du, eta orain artean ikusi gabeko laino mota ezberdinak agertzen dira, egun batetik bestera aurreikusi ezin den moduan bortizki aldatzen diren lainoak”, adierazi du Agustín Sánchez Lavega EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak.

Ezusterik handiena, hala ere, lainoetan mugitzen ez diren egitura asko aurkitzea izan da, eta taldeak “geldikor” deritzon uhin atmosferiko mota bat direla ondorioztatu du. Uhin horiek Akatsuki Japoniako misio espazialak Artizarraren atmosferan berriki aurkitu duen milaka kilometroko uhin geldikor baten antzekoak dira. Lan honetan ikusi dituztenak txikiagoak dira, ehunka kilometrokoak.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.