Ez da egia gizakiok usaimen eskasa dugunik

ez-da-egia-gizakiok-usaimen-eskasa-dugunik
Arg. Wikimedia

Txakurren eta beste animalien aldean gizakiok usaimen eskasa dugula sinistuta gauden arren, mito bat besterik ez dela esan du John McGann neurozientzialariak berriki Science aldizkarian. Mito oker horren arduraduna Paul Broca garun-zirujau ospetsua dela adierazi du. Hark ikusi zuen, proportzioan, gizakietan beste animalietan baino eremu txikiagoa hartzen duela usaimenak garunean, eta hori usaimen eskasa izatearekin erlazionatu zuen. McGannen ustez, ordea, horrek ez du frogatzen usaimen okerragoa dugunik, usaimen-erraboilaren neurona-kopurua antzekoa baita.

McGannek uste du kulturalki sinistu izan dugula pertsona arrazionala izateko ezin dela usaimenaren menpeko izan; nolabait, beste animalien pare jarriko gintuzkeela horrek. Baina haren ustez, gizakiok bilioi bat usain desberdintzeko gaitasuna dugu –beste ugaztunen pare–,  eta usaimen-erraboila 5.600 glomerulutan antolatua dugu, saguek baino askoz ere gehiagotan (1.800). Geneek, neurogenesiak eta beste zenbait faktorek usainekiko sentikortasunean izan dezaketen eragina aztertuta, aditzera eman du espezie bakoitza usain batzuekiko sentikorragoa dela. “Txakurrak gizakiak baino hobeak izan daitezke gernuak bereizten, eta agian gizakiok ardoen usainak bereizten”.

Ikertzailearen esanetan, oso garrantzitsua da usaimena, giza jokaeran eragiten baitu: inkonszienteki bada ere, eragin handia du besteek gu hautematen gaituzten moduan, besteekiko dugun harremanean, bikotea aukeratzen dugunean, zer jango dugun aukeratzen dugunean, eta abar. Memorian indar handiz gordetzen zaigun ezaugarria da, eta usainek erraz ekartzen dizkigute gogora oroitzapenak eta emozioak.

Are gehiago, McGannek dio zenbait ikerketak erakutsi duela usaimena galtzen hastea memoria-arazoen hasieraren adierazle izan daitekeela –alzheimerra eta parkinsona kasu–, eta medikuek usaimenaren garrantziaz hausnartu beharko luketela.

5.0/5 rating (1 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.