Elektroiaren masa atomikoaren neurri zehatzena

13 bider zehatzagoa da elektroiarentzat neurtu duten masa atomikoa

Fisika Nuklearraren Max-Planck Institutuan egin dute neurketa, eta inoizko zehaztasun handienez eman dute zein den elektroiaren masa atomikoa: 0,000548579909067(14)(9)(2) u (masa atomikoaren unitate batu). Parentesi arteko zenbakiak ziurgabetasun estatistiko, sistematiko eta teorikoen balioak dira. Neurketa hau aurrekoa baino 13 bider zehatzagoa da. Aurreko balioa 0,00054857990943(23) u-koa zen, Zientziarako Nazioarteko Kontseiluaren CODATA batzordeak emana, 2006an.

Nature aldizkarian eman dute neurketaren berri. Aldizkari horretan bertan Floridako Unibertsitateko Edmund G. Muyers fisikariak adierazi duenez, "neurketa berriak aukera emango du Partikulen Eredu Estandarra zehatzago probatzeko, milioi bat milioirenekoa baino zehaztasun handiagoz".

Elektroiaren masa atomikoaren balio berria karbono-nukleo bati lotutako elektroi baten spinaren baliotik deduzitu dute Max-Planck Institutuko ikertzaileek (masa atomikoren erreferentziazko atomoa da karbonoa; C-12aren atomo-masaren hamabirena da masa atomikoaren unitate bat).

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila