Bertso-doinuak, musika automatikoki sortzeko eta sailkatzeko oinarri

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

bertso-doinuak-musika-automatikoki-sortzeko-eta-sa
Musika automatikoki sortzeko eta sailkatzeko bi metodo berri sortu dituzte, BertsoBot proiektuaren barruan. Arg. Nagore Iraola/EHU

Bertso-doinuz osatutako bilduma batetik abiatuta, doinu berriak automatikoki sortzeko metodo bat garatu du Izaro Goienetxea Urkizu ikertzaileak. Horrez gain, musika automatikoki sailkatzeko metodo berri bat aurkeztu du. EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen taldean (RSAIT) egin du lan hori, eta PLOS ONE aldizkarian eman du haren berri.

RSAIT taldearen proiektu nagusietako bat BertsoBot proiektua da. Gizakien eta makinen edo roboten arteko elkarrekintzan aurrera egitea da haren helburua, eta, horretarako, robotak bertsotan jartzen dituzte.

Artikuluan, Goienetxearen ikerketaren bidez lortutako bi metodo aurkeztu dituzte. Batetik, musika generoaren arabera sailkatzeko metodo bat aurkeztu dute, antzeko bertso-doinuak multzokatuz musika errepresentatzeko lortutako modu berri batean oinarritzen dena. Bestetik, multzokatze horiek multzo bakoitzeko doinuen antzeko doinuak automatikoki sortzeko erabiltzen dituzte.

Goienetxearen esanean,  “metodoa erabilgarria izan daiteke musika-terapiako aplikazioetan, musikaren konposizioaren ikaskuntzan edota konposizioko programetan ere, besteak beste”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila