Aztarnategietako hezurrak gizakiek kontsumitu zituzten bereizteko oinarriak ezarri ditu EHUko ikerketa batek

aztarnategietako-hezurrak-gizakiek-kontsumitu-zitu
Antonio J. Romero

EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Antonio J. Romero buru izan duen ikerketa esperimental batek frogatu du gizakiek hezurretan egindako hozkadek ezaugarri bereizgarriak dituztela; haiei esker, beste animalia batzuek egindako hozkadetatik bereiz daitezkeela, eta, bestalde, haragia aurrez kozinatua egoteak eragina duela marka horien agerpenean. Ikerketaren berri Journal of Archaeological Science: Reports aldizkarian eman dute.

Ikerketako esperimentuan gizakiek haragia jatean hezurretan eragin dituzten markak Arg. Antonio J. Romero

Jakina da Paleolitoko gizakiak ehizatuz eta elikagaiak bilduz bizi zirela, baina aztarnategietan aurkitzen diren hezurrak ez dira beti izaten han bizi zirenen janari-hondarrak. Esaterako, lehenago edo beranduago haitzulo bera erabil zezaketen animalia haragijaleek ere. Bada, aztarnategietan aurkitutako animalia-hezurrak gizakiak kontsumitutakoak izan diren jakin ahal izateko bide bat da gaur egun haragia jatean gizakiek hezurretan eragiten ditugun markak aztertzea. Horixe egin dute Romerok gidatu duen ikerketan. Hamar boluntariok eskuak eta hortzak soilik baliatuz kontsumitu dituzten laurogeita hamar arkume-hezur aztertu dituzte —falangeak, erradioak eta eskapulak—. Elikagaien aurretiko tratamenduarekin lotutako aldagaiak kontrolatzeko, haragi-laginen herena gordinik, beste heren bat erreta eta beste heren bat egosita jan zituzten.

Ikusi zuten hezurren erdiek baino gehiagok gizakien hozka-markak zituztela: bai hortz-markak, bai mastekatzeak eragindako hausturak. Eta ikusi dute marka horiek beste animalia batzuek eragindako hozketatik bereizteko moduko ezaugarriak dituztela (tamaina eta morfologia). Bestalde, haragia aurrez kozinatzeak eragina du marken agerpenean, Romerok azaldu duenez: "hortz-markak gehiago ageri dira erre edo egositako laginetan, eta muturretako eta ertzetako kalteak eta zanpaketak ohikoagoak dira gordin jandako hezurretan".

"Badira antzeko hainbat lan animaliek, elikatzean, hezurretan zer kalte eragiten dituzten sakon aztertzen dutenak, baina ez dituzte aztertzen gizakiek uzten ditugun markak", dio Romerok.  Ikertzaileak dioenez, lan hau aurrerapauso garrantzitsua da hominidoek zer harati-mota jaten zuten eta nola jaten zuten jakiteko. “Hala, hobeto ezagut ditzakegu antzinako gizakiak nolakoak ziren, bai eta gure portaera modernoaren, elikagaiak tratatzeko dugun moduaren (kozinatzea edo ez kozinatzea) eta elikatzeko dugun moduaren jatorria zein den ere", adierazi du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila