Arrazakeria, xenofobia eta bazterkeria osasun-arriskutzat hartzea eskatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

arrazakeria-xenofobia-eta-bazterkeria-osasun-arris
Arg. Europako Batasuna

Arrazakeriak, xenofobiak eta bazterkeriak lehendik gutxietsita egon ohi diren taldeen osasuna kaltetzen dutela salatu dute The Lancet aldizkariko artikulu-sorta batean. Egileen arabera, faktore horiek osasunean duten eraginari ezikusia egin izan zaio, baina ondorioak oso nabarmenak dira, eta, lekuan leku desberdintasunak badauden arren, munduko leku guztietan gertatzen dira etnia, sexua, adina, klasea, migrazio-egoera, erlijioa edo azal-kolorearen araberako bazterkeriak. Askotan, gainera, gainjarri egiten dira.

Besteak beste, arrazakeriak eta xenofobiak osasunean duten eragina hobeto ulertzeko, nola sortzen diren aztertu dute, eta ondorioztatu dute bi kontzeptu daudela: bereizketa eta hierarkia. Bereizketa da batek besteetatik desberdin ikustea bere burua. Eta hierarkia, batek besteenaren gainetik ikustea bere burua. Bada, hierarkia horretan, ikusi dute azpian dagoenaren osasun fisikoa eta mentala gainean dagoenarena baino okerragoak direla. 

COVID-19ak adibide argiak utzi ditu. Esaterako, Erresuma Batuan, heriotza-tasa oso desberdina izan da etniaren arabera: Bangladeshko jatorria zutenek 4-5 aldiz arrisku handiagoa zuten COVID-19az hiltzeko, jatorriz britainiarrak eta zuriak zirenak baino.

Ikertzailek ohartarazi dute, oraindik ere, errotuta dagoela halako osasun-diferentziak oinarri genetikoa dutelako ustea, eta hortik abiatuta egiten direla ikerketak, politikak eta praktikak. Uste hori, ordea, askotan okerra da: giza espeziea, genetikoki, diferentzia gutxien dituenetakoa da.

Bestalde, osasun-arreta norbanakoetan jartzeak taldeetan eragiten duten faktoreak ahaztea dakar, hala nola ingurune berdeak eskura izatea, airearen kalitatea eta poluitzaileekiko esposizioa, janari freskoa eskuragarri izatea… Eta osasun-sistemek berek ere egiturazko diskriminazio-faktoreak dituzte, eta elkarrekintza konplexuak dituzte haien artean. Agerikoez gain (klasea, etnia, sexua…), oharkabean geratzen diren beste asko ere identifikatu dituzte: hizkuntza edo hizkera, hezkuntza-maila, komunikazio-ahalmena, burokraziari aurre egiteko gaitasuna… 

Klima-larrialdiarekin, gainera, desberdintasunak handitzen eta eredua errepikatzen ari da: ondorioak larriagoak izango dira gutxien kutsatzen dutenentzat, eta alderantziz.

Ikertzaileek sei gako proposatu dituzte, egoerari aurre egiteko: dekolonizazioa; diskriminazio-ardatz desberdinen arteko gurutzaketak ulertzea; dibertsitatea eta inklusibitatea areagotzea. justizia erreparatzailea eta eraldatzailea; arrazakeriaren aurka egitea; eta giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia.
 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila