Abaraska-sits handiaren harrak polietilenoa jaten duela jakin dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

abaraska-sits-handiaren-harrak-polietilenoa-jaten-
Hamar harrek 30 minutuz degradatutako plastikoa. Arg. César Hernández/CSIC

Zoriari esker jakin dute abaraskak suntsitzen dituen har batek polietilenoa jaten duela. Hain zuzen, etxeko erlauntzetan harrak zituela konturatu zen Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikertzaile bat, Federica Bertocchini. Abaraska-sits handiaren harrak ziren (Galleria mellonella). Argizariz eta eztiz elikatzen direnez, kalte handia egiten dute, eta, beraz, kendu eta plastikozko zorro batean jarri zituen. Handik ordu batzuetara ohartu zen plastikoa zulatu eta ihes egin zutela.

Hortik abiatu zen, beraz, ikerketa. Cambridgeko Unibertsitatearekin batera aritu dira ikertzen, eta frogatu dute harrak oso eraginkorrak direla polietilenoa degradatzen. Adibidez, ehun har gai dira 92 mg polietileno degradatzeko 12 ordutan. “Oso azkar da hori”, nabarmendu du Bertocchinik.

Urtean, 80 milioi polietileno-tona ekoizten dira; esaterako, horrekin egiten dira plastikozko zorroak, eta oso zaila da degradatzen. Adibidez, zorro meheek ehun urte inguru behar izaten dituzte berez desegiteko. Degradazio kimikoan, berriz, likido oso korrosiboak erabiltzen dira, eta, hala ere, hilabeteak behar izaten dira. Bestalde, bakterioekin ere egin dira polietilenoa degradatzeko probak, baina prozesua zeharo motela da.

Horrenbestez, Galleria mellonella irtenbide egokia izan daitekeelakoan daude ikertzaileak. Harrak berak ez ezik, ikusi dute kapuluak ere degradatzen duela polietilenoa, ukitze hutsarekin. Ikertzaileen esanean, litekeena da entzimaren baten bidez degradatzea. Hortaz, hurrengo helburua degradazio-mekanismoa argitzea da, balizko entzima identifikatzeko eta in vitro sortzeko, maila industrialean.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.